Jokin Larrinagari laguntzeko elkartasun eguna egingo du UDAk domekan

Oier Zumarraga Aranburu

Jokin Larrinaga, iazko Ikazkin Trailen.

Tonbolaren zozketa Beasainen aurkako partidaren atsedenaldian egingo dute

Jokin Larrinagari eta bere familiari laguntzeko elkartasun ekimenak aurrera jarraitzen du Aretxabaletan. UDAk antolatutako tonbola solidarioaren zozketa domekan, irailaren 13an, egingo dute, Ibarra futbol zelaian, Beasainen aurkako partidaren atsedenaldian. Klubak egun berezia antolatu du hitzorduaren bueltan, Larrinagari eta bere familiari laguntzeko eta herritarren babesa helarazteko. Tonbolak erantzun zabala izan du dagoeneko. Tomate Egunean salgai jarritako errifa guztiak agortu ziren, guztira 2.500. Bildutako dirua Larrinagaren errehabilitazio prozesuan eta familiaren beharretan laguntzeko erabiliko dute. Asteburuan, baina, oraindik ere izango da elkartasun ekimenean bakoitzak bere alea jartzeko aukera. Errifak agortuta daude dagoeneko, baina zapatuan, Ikazkin Trail mendiko lasterketaren egunean, eta domekan, UDA-Beasain partidan, sarrerak erosi eta diru ekarpen solidarioak egin ahal izango dira. Domekako partidarako, bazkideek zein bazkide ez direnek bost euroko sarrera ordaindu beharko dute.

Hainbat sari zozketan

UDAk askotariko sariak bildu ditu tonbolarako, kirol taldeen, erakundeen eta enpresen ekarpenei esker. Besteak beste, futbol taldeetako kamisetak, partidetarako sarrerak, otorduak, baloiak, txirrindularitzako jantziak, erlojupeko jantziak, eskularruak, motxilak, biserak eta bidaia bat zozketatuko dituzte. Tonbola ez da Larrinagari laguntzeko martxan jarritako lehen ekimena. Uztail amaieran crowdfunding kanpaina abiatu zuten haren alde, eta diru ekarpenak egiteko aukera zabalik dago.

Errehabilitaziorako laguntza

Larrinagak istripua izan zuen martxoan, eskiatzen ari zela, eta bizkarrezur-muineko lesioa eragin zion. Lehenik, Zaragozako ospitale batean egon zen ingresatuta, eta, gaur egun, Toledoko Paraplegikoen Ospitale Nazionalean ari da errehabilitazioa egiten.

Klub izaeraz harro

Larrinaga UDAko jokalaria da, eta klubak bere komunitateko kide bati laguntzeko konpromisoa erakutsi nahi du, Agurtzane Elkororen esanetan. Haren hitzetan, ekimenak UDAren izaera komunitarioa agerian uzteko ere balio du: "Klubeko jokalari, bazkide, zale eta boluntarioak helburu beraren bueltan elkartu ditugu". Elkorok boluntarioen lanean jarri du azpimarra: "Tonbola antolatzeko, errifak saltzeko eta asteburuko ekitaldiak antolatzeko ibili direnen lana izugarria da". Beasainen aurkako partidaren atsedenaldiko zozketarekin amaituko da tonbolaren kanpaina. Hirugarren Mailako taldeak denboraldiko estreinaldia egingo du etxean, eta hitzorduak elkartasun kutsu berezia izango du aurten. UDAk zaleei zein herritarrei Ibarra futbol zelaira gerturatzeko deia egin die, Animo, Jokin! lelopean.

Tomate Egunean errifak saltzen, UDAko lokalean. (Argazkia: UDA)

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak