Aretxabaletako EAJk mugikortasun aldaketak berrikusteko eskatu dio Udal Gobernuari

Oier Zumarraga Aranburu

Jeltzaleek herritarrak gehiago entzutea eta hartutako neurrien ondorioak ebaluatzea eskatu dute

Aretxabaletako EAJ-PNVk EH Bilduren Udal Gobernuak azken hilabeteetan ezarritako mugikortasun aldaketak berrikusteko eskatu du. Jeltzaleen iritziz, neurri batzuek arazoak sortu dituzte bide-segurtasunean, zirkulazioan eta garraiobide ezberdinen arteko bizikidetzan. Horregatik egindako aldaketak ebaluatu, eta herritarrekin entzute prozesu zabalagoa egitea galdegin dute.

EAJ-PNVk Araba ibilbidean jarri du arreta bereziki. Talde jeltzalearen arabera, bertan aparkalekuak jartzeak ibilgailuen pilaketa handitu du, eta lehen irekiagoa zen eremua oztopoz bete du. Era berean, aldaketekin oinezkoentzako espazio gehiago ez dela irabazi eta zenbait joan-etorri egiteko distantzia eta denbora handitu direla adierazi du. "Mugikortasunari buruzko erabakiek herritarren bizi-kalitatea hobetzeko balio behar dute, ez zalantza gehiago, zirkulazio arazoak edo arrisku egoerak sortzeko", adierazi du udal taldeak. 

Parte-hartze handiagoa eskatu dute

Noranzko aldaketak eta zirkulazioari lotutako bestelako neurriak herritarrekin behar beste kontrastatu gabe ezarri izana ere kritikatu dute jeltzaleek. Haien esanetan, hainbat bizilagunek azaldutako harridurak eta desadostasunak erakusten dute herritarren iritzia gehiago kontuan hartu behar dela. "Gobernatzea ere bada entzutea eta beharrezkoa denean zuzentzea", gehitu dute jeltzaleek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak