Aretxabaletako Udalak nerabeen gurasoei zuzendutako Guraso Eskola antolatu du 2026-2027 ikasturterako. Iaz jarri zuten martxan lehen aldiz, herriko guraso talde baten eskaerari erantzunez, eta izandako balorazioa ikusita aurten ere egitea erabaki dute.
Nerabezaroan sortzen diren kezka, zalantza eta erronkei buruz hausnartzeko, esperientziak partekatzeko eta orientazioa jasotzeko aukera eskainiko die eskolak gurasoei. Garaia enpresak dinamizatuko ditu saioak.
Bederatzi saio Karmele Igartuan
Guztira, bederatzi saio egingo dituzte, urritik ekainera bitartean. Lehenengoa urriaren 6an izango da, eta gainerakoak azaroaren 24an, abenduaren 1ean, urtarrilaren 12an, otsailaren 2an, martxoaren 2an, apirilaren 6an, maiatzaren 4an eta ekainaren 1ean. Astearteetan izango dira, 18:15etik 19:45era, Karmele Igartua aretoan, eta euskaraz.
Taldearen jarraikortasuna bermatzeko, gutxienez sei saiotan parte hartzeko konpromisoa eskatu diete izena ematen dutenei. Interesdunek irailaren 30era arte dute izena emateko aukera, gazteria@aretxabaleta.eus helbidera idatzita edo 943 711 862 telefono zenbakira deituta.