Maiatzaren 9an bukatu zuen 2025-2026ko denboraldia UDAk, eta, hiru hilabeteren ostean, berriro ekingo dio lehiaketari Aretxabaletako taldeak. Askorako eman dute oporretako eta denboraldiaurreko hilabeteek Ibarran; izan ere, talde teknikoan zein jokalarietan aldaketak izan ditu taldeak. Esanguratsuena entrenatzailearen postuan izan da: Unai Calzonek taldea uztea erabaki, eta ordura arte UDAren bigarren taldeko entrenatzaile zen Jose Javier Barkerok hartu zuen haren lekukoa. Erronka handia izango da entrenatzaile aretxabaletarrarentzat, aurrenekoz arituko delako lehenengo entrenatzaile gisa 3. RFEF Mailan. "Motibazio handiarekin eta oso gogotsu nago hastear dagoen denboraldirako. Nire lehenengo aldia izango da Hirugarren Mailako lehenengo entrenatzaile gisa, baina ikasteko gogo handia dut. Ea taldea sortzen jarraitzen dugun eta emaitza onak lortzen ditugun. Presio apur bat igartzen dut, baina gustuko gauzak egiten dituzunean presioa polita izaten da", adierazi du Barkerok.
Denboraldiaurrea, "positiboa"
Denboraldiaurrean egindako lanaren "balorazio positiboa" egin du aretxabaletarrak, nahiz eta "lesio batzuk" izan dituzten tartean. Taldeak "lan egiteko gogo handia" erakutsi duela ere onartu du, eta jokalariak liga hasteko gogotsu daudela dio. Emaitzek taldearen dinamika asko baldintzatzen dutela adierazi du Barkerok: "Emaitzek adierazten dute talde bakoitza sailkapeneko zer postutan kokatzen den. Orain bertan, taldea txapelketan nola lehiatuko den jakiteko gogotsu nago; nik uste dut maila ona emateko gai garela, eta horretan saiatuko gara astero-astero. Jokalariak motibatuta eta prest daude, eta, lehenengo jardunaldian aurkari zail baten aurka jokatu beharko badugu ere, hiru puntuen bila irtengo gara".
Touring aurrena
Fanderia futbol-zelaian jokatuko du UDAk 2026-2027ko denboraldiko lehenengo partida, Touring taldearen aurka. Iaz, bosgarren postuan bukatu zuen urtea Errenteriako taldeak, eta aurtengo talde gogorrenetako bat izango dela uste du Barkerok: "Intentsitate handiko partida izatea aurreikusten dut. Fanderian intentsitate handiarekin jokatzen duen taldea da Touring, eta lehia guztietan gogor ibiltzen dira. Jokalariek jakin behar dute ez dutela pentsatzeko denbora askorik izango. Hala ere, badakigu nondik egin diezaiekegun eraso, eta horren bila joango gara. Gure alderdi onenak indartzen saiatuko gara etengabe, eta euren indarguneak ahultzen, noski".
Mailari eustea helburu
Aretxabaleta bezalako herri eta talde batentzat Hirugarren Mailan jokatzea "opari bat" dela dio aretxabaletarrak, eta, hori dela eta, aurtengo helburu nagusia "mailari eustea" izango dela adierazi du. "Kategoria honetan hirugarren urtez jarraian maila mantentzea oso polita izango litzateke, eta horren bila joango gara hasiera-hasieratik. Hala ere, batek daki zer gerta daitekeen ligan. Denboraldia lasai antzean joaten bada, ondo; goiko postuetan ibiltzeko aukera izaten badugu, hobeto. Poliki-poliki joan behar dugu. Astetik astera maila mantentzeko puntuak batzen; gero, gerokoak", adierazi du Barkerok.
