Mugikortasun Planean jasotako jarduerak dira egin gura dituzten hobekuntzak eta "parte hartze prozesu zabal baten ondoren eta datu bilketa zehatza egin ondoren erabakitakoak".
Abuztuan egingo dituzten jarduerak behin-behinekoak izango direla iragarri dute, eta lortu nahi diren helburuak betez gero, "datu objektiboetan oinarrituta", behin-betiko izango dira. Egingo dituzten esku-hartzeen artean daude 15 zebrabide hobetzea oinezkoen segurtasuna eta ikusgarritasuna handitzeko. Era berean, 44 aparkaleku sortuko direla adierazi dute galtzen direnak konpentsatzeko, bizilagunen eta merkatarien beharrei erantzunez.
Bestetik, bizikletaren erabilera sustatzeko, Mitarte kaletik kiroldegiraino joango den 500 metroko luzeran bizikletek lehentasuna izango duten erreia ezarriko da, bi noranzkoetan.
Araba Ibilbidean hainbat moldaketa
Araba Ibilbidean egingo den aldaketarik nabarmenena Iralabarri plaza parean izango da; zati hori, norabide bakarreko bide bilakatuko da. "Belorrieta auzoan sartzen den U formako bidea oinezko bihurtuko du horrek eta han dauden aparkalekuak Araba ibilbidean jarriko dira. Horrez gain, Belorrieta eta Iralabarri lotzen duen zebrabide berri bat sortuko da, herritar askok eskatu duten moduan", adierazi du Ion Albizuk, Hirigintza zinegotziak.
Araba ibilbidean, Loramendi eta Bainuetxe poligonoa lotzen dituen bidegurutzean, ere aldaketak egingo dira oinezkoen ibilbideak motzagoak izan daitezen eta ibilgailuen segurtasuna hobetzeko: "Horrekin batera Araba ibilbideko beste bidegurutze eta zebrabideetan ikusgarritasuna eta segurtasuna handituko dira".
Basabeazpiko igoerak irteerarik ez
Basabeazpi gunerako igoerari dagokionez, bide horrek ez du irteerarik edukiko goiko partean, bertako zebrabidea autoendako itxita egongo delako. Hortaz, sartu-irtenak behealdetik egin beharko dira, aparkalekuan sartzeko edo aparkatzeko, esaterako.
Belorrietan norabide bakarra
Belorrietako bidearen kasuan –Pausoka parekoa–, norabide bakarrekoa izango da,
Arrasatetik Eskoriatzarantz hain zuzen ere: "Izan ere, gaur egun ere, autoen zirkulazioaren %6 bakarrik joaten da beheranzko zentzuan". Aldaketa hori eginda, aparkaleku berriak sortzeko aukera egongo dela gaineratu du Albizuk: "Baita zigi-zaga bat sortzeko ere, abiadura
murrizteko helburuarekin".
Txarapeako hiru bidegurutzetan estu-uneak sortuko dira abiadura murrizteko.
Hiru helburu
Udalak azpimarratu nahi du esku-hartze hauekin hiru helburu nagusi lortu gura direla:
"Segurtasuna irabazi, Aretxabaleta osasuntsuagoa izan eta Aretxabaleta bizigarriagoa izan, oinezkoentzat, bizikletentzat eta ibilgailuentzat".