Gospel kontzertua izango da Arrasaten, abuztuaren 1ean

Mirari Altube Arrese 2026ko uztailaren 27a

Cada día en Su Presencia gospel abesbatza Arrasatera itzuliko da udako biraren baitan eta abuztuaren 1ean, 19:30ean, kontzertua emango du Biteri plazan. Gospel klasikoa eta garaikidea uztartuko dituen errepertorio zabala prestatu dute ordurako.

Nafarroako jatorria duen Cada día en Su Presencia gospel taldeak penintsularen iparraldean bira egiten du uda guztietan. Eta arrakasta ikusirik abesbatzaren euskal atala sortu dute Gipuzkoan eta Araban bizi diren 30 lagunek –musikariak,
abeslariak, irudi eta soinu teknikariak–. Horiek errepertorioaren zati bat egokitu dute, emanaldietan euskara eta gaztelania uztartu ahal izateko.

Aurten egitarau berritu bat aurkeztuko dute, orain arteko teknikoena; gospel 
ereserki tradizionaletatik hasi –Amazing grace, adibidez– eta folka, jazza, soula eta R&B uztartzen dituzten gospel garaikidearen ereserkietaraino joanda, adin guztietarako kalitatezko ikuskizuna eskaintzeko. Hala adierazi dute abesbatzako zuzendaritzako kideek: "Esperientzia musikal bikaina aurkezten ahalegintzen gara, gure ezaugarriak izanik pasioa, gozamena eta konbikzioa. Kantatzen dugun horretan sinisten dugu, eta itxaropen mezuak entzuleengan eragitea da gure helburua. Hortik bira honen izena: Sinetsi. Distira egin. Faith’n Victory Anthem".

Galiziako Sada herrian abestetik etorriko da taldea eta ondoren Teruelera, Zaragozara, Errenteriara, Gasteizera eta Iruñera joango da. Arrasaten geldialdia egingo dute, bederatzigarrenez, hain zuzen ere. Biteri plazan izango da 19:30ean eta da sarrerarik ordaindu beharrik izango. Gainera, zuzenean emango dute kontzertua taldearen webgune ofizialean: asociaciongospel.com.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak