Elene Errasti aretxabaletarra Portugaleko Vitoria Guimaraes SC-k fitxatu du, urtebeterako. 26 urteko aurrelariak Guimaraesko taldean jokatuko du datorren denboraldian, eta etxetik kanpo biziko duen lehen esperientzia izango da. Errastik azken bost denboraldiak Alavesen egin ditu, eta talde gasteiztarrarekin mailaz igotzea lortu du aurten. Orain, beste herrialde batean jokatzeko eta bizitzeko erronkari ekingo dio, futbola %100ean erdigunean jarrita.
Aretxabaletarrak aspalditik zuen etxetik kanpo esperientzia bat bizitzeko asmoa: "Inoiz ez naiz etxetik atera, eta buruan nuen kanpoan halako esperientzia bat bizitzea. Orain unea zela uste nuen". Bakarrik joango da Portugalera, eta erronka handia izango dela aitortu du.
Errastiren helburu nagusietako bat futbolari gisa aurrera egitea izango da. "Bakarrik noa beste herrialde batera, eta fokua futbolean jarri nahi dut", adierazi du. Portugal aukeratzeko orduan, herrialdearen gertutasuna ere kontuan hartu du: "Beste herrialde bat izan arren, hizkuntza eta distantzia aldetik gertutasuna dago, eta toki aproposa iruditzen zait alde horretatik".
Errastik Arizmendi KE-an hasi zuen futbol ibilbidea, eta ondoren CD Aurrera de Vitorian jokatu zuen. Azken bost denboraldietan, berriz, Alavesen lehen taldeko jokalaria izan da.
