Espraia eta brotxa eskuan, eta pintura potez inguratuta. Hala aritu da Iban Urreta aretxabaletarra, Mutiko Kristal izenez ezagunagoa, bere azken horma-irudia osatzen, "etxean". Mekolalde eta Lizarra lotzen zituen Vasco-Navarro trenbide zaharra abiapuntutzat hartuta, Aretxabaleta eta Eskoriatza arteko bidegorriko tunela itxuraldatu du. Trenak 1967an egin zuen azken bidaia, eta gaur egun haren ibilbidearen zati bat bidegorri bihurtuta dago. Gipuzkoako Foru Aldundiaren ekimenez Eskoriatza eta Zarimutz arteko trazatua berreskuratzeko egindako apustuaren baitan kokatzen da egitasmo hori. Urretak trenbide zaharraren inguruko ondarea irudikatu du bere muralean. Besteak beste, lurrunezko lokomotora bat, tren elektriko bat, tren baten gurpila eta Aretxabaletako geltoki zaharraren irudia. Tunelean bertan, gainera, Vasco-Navarro izena eta trenbideak egiten zuen ibilbidearen mapa ere txertatu ditu. Ez da memoria historikoa bere lanetan lantzen duen lehen aldia –azkena, emakume migratzaileak omentzen dituen murala, Arrasaten, San Andresen–. Gai horiek interesatzen zaizkiola azaldu du, eta, haren esanetan, horrelako lanek aukera ematen diote margotzen duenaz ikasteko.
Oroitzapenak berpizteko asmoz
Muralaren kokalekua ez da ausazkoa. Urretak adierazi du herritar askok badutela trenbidearen inguruko oroitzapenen bat, eta haren lanak horiek berpizteko balio dezakeela. Maila estetikoan, tunelaren itxura ere hobetu nahi izan dute lanarekin. Urretaren arabera, horma "zahar samar" zegoen, eta muralak aldaketa nabarmena ekarriko du. Orain arte, bertatik igaro diren oinezkoen eta txirrindularien erreakzioak positiboak izan direla azaldu du. Urretak bere ohiko estiloari eutsi dio: espraia eta pintzela erabilita, gris koloreari eman dio protagonismoa, ukitu "nostalgikoa" emateko. Bestalde, laranja-hori ukituak ere erabili ditu, argitasuna emateko. Mutiko Kristalen ustez, instituzio publikoek halako lanak sustatzeak berebiziko garrantzia du, muralismoari lotutako aurreiritziak gainditzen hasteko. Oraingoan, bada, haren artelanak Vasco-Navarro trenbidearen historia ezagutarazten lagunduko die belaunaldi berriei.
Portasolen ere utzi du arrastoa
Bidegorriko muralaz gain, Mutiko Kristalek, Esanek eta JOWk arte urbanoaren balioa aldarrikatu dute Portasolen egindako hormairudi berrian. Muralismoaren sortzaileek jasaten duten gutxiespena salatu nahi izan dute ilustrazioarekin.
