Beste urte batez, Udalak antolatutako udaleku irekiak eta UDAren Geroa Sortuz campusa izan dira haur eta gazte askoren udako aisialdirako topalekua. Hiru astez askotariko ekintzak egin dituzte, eta antolatzaileek balorazio positiboa egin dute, tenperatura altuek lagundu ez duten arren. Udaleku irekietan aurreko urteetako esperientziari jarraipena eman diote, eta, oro har, egitarauak ondo funtzionatu duela azaldu du Ricardo Soares koordinatzaileak. Beroak eragindako zailtasunak tarteko, hezitzaileek jarduerak egokitu behar izan dituzte zenbaitetan, baina aurreikusitako programa aurrera eramatea lortu dute. Ohiko San Fermin eta Portasolgo jaietako ospakizunez gain, bestelako ekintzak ere egin dituzte. Lehen Hezkuntzako bosgarren eta seigarren mailetako haurrek, hezitzaileen proposamenari jarraituta, bi baserri bisitatu dituzte: Etxezuri eta Atxalde. Bertan, gazta nola egiten den ezagutzeko aukera izan dute, eta esperientzia "desberdina eta aberasgarria" izan dela nabarmendu dute. Soaresen esanetan, hiru asteetako plangintzak ondo funtzionatu du, eta familiengandik jasotako iritziak ere positiboak izan dira.
Geroa Sortuz: 80 neska-mutil
Bestalde, Geroa Sortuz futbol campusean 80 neska-mutil batu dira aurten, eta azken urteetako izen-emate kopuruari eutsi diote. Futbola izan da jardueraren ardatz nagusia, eta, entrenamendu eta teknifikazio saioekin batera, bestelako kirol eta natura jarduerak ere egin dituzte. Besteak beste, Urkulura eta Landara egindako irteerak, igerilekura txangoa, mendi ibilaldiak eta futbol txapelketak. Iker Arriolabengoa koordinatzaileak balorazio "oso ona" egin du. Beroak eragina izan badu ere, aurreikusitako egitaraua aurrera eraman dute, eta parte-hartzaileak gustura aritu direla azaldu du. Adin tarte askotariko haurrek elkarrekin aritzeko aukera izan dute, eta harremanak sendotu dituzte inguruko herrietakoekin, giro "oso osasuntsu eta alaian". Realeko emakumeen taldearen partida bat ikustera egindako irteera izan da aurtengo campusaren une berezienetako bat. Arriolabengoaren esanetan, umeek zein monitoreek oso gustura amaitu dute esperientzia.
Ricardo Soares: "Aurrez funtzionatukoari eutsi diogu. Beroak ez du lagundu, baina gurasoek, monitoreek eta umeek gustura amaitu dute"

