Senegalen izan dira Aretxabaletako Lanbide Eskolako irakasleak

Oier Zumarraga Aranburu 2026ko uztailaren 22a

Aretxabaletako Lanbide Eskolaren ordezkaritza, Senegalen.

Yakaar elkartearen laguntzarekin, osasun eta hezkuntza zentroak, lanbide heziketako ikastetxe bat eta tokiko tailerrak ezagutu dituzte, etorkizuneko lankidetza proiektuak bultzatzeko asmoz.  

Aretxabaleta Lanbide Eskolako Laura Perez eta Naiara Olabarria irakasleek bost eguneko egonaldia egin dute Senegalgo Mbam herrian, Yakaar elkartearen gonbidapenari esker. Egonaldiaren baitan, osasun eta hezkuntza zentroak, lanbide heziketako ikastetxe bat eta tokiko tailerrak bisitatu dituzte. Baliabide materialak mugatuak direla ikusi duten arren, profesionalen konpromisoa eta ikasleen motibazioa nabarmendu nahi izan dute. Osasun zentroetan, esaterako, baliabide tekniko urriekin egiten dutela lan adierazi dute, eta tokiko tailerretan, berriz, segurtasun gabeziak antzeman dituzte.

Hezkuntzaren arloan, Foundiougneko Lanbide Heziketako Zentroarekin harremanak sendotzeko aukera aztertu dute. Irakasleen arteko online topaketak, esperientzien trukea eta prestakuntza saio bateratuak egitea dira mahai gainean dituzten aukeretako batzuk.

Behin Euskal Herrian lur hartuta, Aretxabaleta Lanbide Eskolak eta Senegalgo erakundeek lankidetza bide berriak zabaltzen jarraitzeko asmoa dute, prestakuntza, esperientzien trukea eta proiektu bateratuak garatzeko. Egonaldiak, gainera, komunitatearen elkartasuna eta auzolana ezagutzeko aukera ere eman die, eta lankidetza "elkarrekin ikasteko eta hazteko bidea" dela azpimarratu dute. 

Nbam herriko familia bat ezagutzen.

Nbam herriko familia bat ezagutzen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak