Hainbat landa lursailen mugak eguneratuko ditu Aretxabaletako Udalak

Mirari Altube Arrese 2026ko uztailaren 14a

Aretxabaletako 04 eta 05 poligonoen baitako lursailak. (Irudia: Aretxabaletako Udala)

Landa lursailen definizio kartografikoa eguneratzeko proiektua jarri du abian Aretxabaletako Udalak, 04 eta 05 poligonoetako partzelen mugak zehazteko; partzela horien baitan daude Aozaratza, Arkarazo, Areantza eta Goroeta auzoak. Foru Aldundiak lagundutako ekimena da eta lanak uztailean lizitatuko dituzte udazkenean hasteko.

Ekimen horrek udalerriko baserrien kudeaketa erraztea du helburu, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren dirulaguntza jaso du. Aretxabaletako landa-lurren zatien mugak ez daudela behar bezala eguneratuta katastroan adierazi dute Udaletik: "Lur horien titularren batezbesteko adina altua da, eta belaunaldien arteko erreleboa eskasa. Horrek partzela-mugei buruzko ezagutza galtzea ekarri du, eta, ondorioz, maiz sortzen dira akatsak eta zailtasunak lur sail horiekin lotutako edozein tramitetan". Horregatik, guztiz beharrezkoa dela lur zatien definizio kartografikoa eguneratzea gaineratu dute, "finka horiek kudeatzen jarraitu ahal izateko".

Uztailean lizitatu, udazkenean lanak

Lanen helburua da mugakideen arteko akordioaren eta altxatze topografikoaren bidez 04 eta 05 poligonoetako landa lur-zatiak mugatzea, Gipuzkoako Foru Aldundiko Katastro Zerbitzuan informazioa eguneratzeko. Horretarako lizitazioa uztailaren erdialdean abiatuko du Udalak eta lanak udazkenean hastea aurreikusi dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak