Lursail horiek Udalak 2002. urtean eskuratu zituen eta haren esanetan duela hogei urte ere antzeko lizitazio-prozedura baten xede izan ziren. Oraingo honetan ere lursail guztiak batera lizitatzea erabaki dute, hori jasotzen duen nekazaritza-ustiategiaren "bideragarritasuna sustatzeko" asmoz. "Prozedura publiko guztietan bezala, esleipena aldez aurretik ezarritako eta interesdun guztiek ezagutzen dituzten irizpideen arabera egin da", adierazi dute eta gaineratu eskaintza ekonomikoaz gain kontuan hartuko dituztela ustiapen-proiektuaren kalitatea, nekazaritza-sektorean gazteak eta emakumeak txertatzea, prestakuntza eta lurren kudeaketa jasangarrira bideratutako neurriak.
"Objektibotasun eta zorroztasun tekniko handiena" bermatzeko, proiektuen balorazioan Foru Aldundiko teknikari batek hartu du parte. Eta gainerako irizpideak lizitazioaren oinarrietan aurreikusitako formulen bidez ebaluatu dituzte.
Udalaren jarraipena
Lau nekazaritza-ustiategik aurkeztu dituzte proposamenak: "Eta eskaintza guztiak ezarritako irizpideen arabera aztertu dira". Esleipena datozen asteetan formalizatuko dute eta behin esleituta, Udalak dagokion jarraipena egingo dio ustiategiari beregain hartutako konpromisoak behar bezala betetzen direla bermatzeko: "Gizarte-arloan zein ingurumenaren arloan, baita nekazaritza-kudeaketari dagokionez ere".