Eguerdian Sukena eta Fitoskins taldeek jo zuten herrian eta ondoren, Areantza auzoko zelaian, Lehen Lerroa, The Lio, Brigade Loco eta Añube igo ziren oholtzara. Areantzako jaialdia irekitzearen arduradunak Oñatiko Lehen Lerroa taldekoak izan ziren; sarrera erosita zutenetako asko oraindik agertzeke zeudela, dena eman zuen boskoteak oholtza gainean. Beroa oholtzan, bai, baina ikusle gehienek itzaletik jarraitu zuten kontzertua. Nafarroako The Lio taldeak hartu zuen lekukoa; kontzertu ederra eskaini zuten nahiz eta oraindik jendea ez zen gehiegi berotu. Ondoren, Bergarako Brigade Locorekin dezente animatu zen giroa; kontzertu erdialdean, gainera, añubetarrei oholtzara igotzeko eskatu zieten, opari bat jasotzeko.
Añuberekin egin zuen eztanda jaialdiak
Eta, azkenik, eguneko protagonisten txanda heldu zen. 19:30ak pasatxo hasi eta ia bi orduko emanaldia eskaini zuen Añubek; hasieran kolaborazioak izan ziren protagonista, jaialdian bertan parte hartu zuten musikariekin. 22 abesti jo zuen Añubek eta izan ziren etenaldi berezi bezain gogoangarriak; horien artean, Areantzako zelaiaren jabeen seme den Beñat Abasolok hitza hartu zuenean. Landatutakoa jakin zaintzen leloa erakusten zuen pankarta atzean zuela, behi-ustiategiaren negozioa itxi egin beharko dutela eman zuen aditzera: "Etxean ezagutu dudan negozioa itxi egin beharko da, esne-behien proiektua aurrera eramateko behar-beharrezkoa diren lur publikoak galdu ostean". Txalo zaparrada batekin eta babes-oihuekin erantzun zuen publikoak. Abasoloren hitz-hartzearen ostean, Luz y sal, Radio Rebelde eta Askatasun ipuinak abestiekin borobildu zuten emanaldi berezia.