Uztailaren 31n bukatuko da gaur egun Uretz taberna kudeatzen dihardutenen kontratua, eta Udalak prest ditu hurrengo lizitazioa aurkezteko pleguak. Hori egin aurretik, Udaleko osoko bilkura baten onartu beharko dute guztia. Udalaren asmoa da beranduenez uztailaren 20ko astean argitaratzea lizitazioa. Gero, izena emateko 25 egun naturaleko epea izango dute Uretz taberna kudeatu nahi duten herritarrek, eta, abuztu osoan itxita egon eta gero, "irailaren erdialderako zabaltzea" da Udalaren nahia. "Uretz kudeatu nahi duten horiek gonbidatu gura ditugu lizitazioan parte hartzera", gehitu dute.
Udalaren balorazio positiboa
Hiru urteko lanen ostean zabaldu zuten ordura arte erretiratuen taberna izendatuta zegoena, eta, urtebete irekita egon eta gero, "balorazio positiboa" egin du Udalak: "Uste dugu leku ederrean dagoela, eta jende asko egon izan dela tabernan. Azkenean, Uretz ez da jubilatuena bakarrik, herriarena da, nahiz eta jubilatuek %20ko beherapena izan hainbat produktutan. Herri izaera horrek eragin du tabernaren bueltan adin tarte askotako aretxabaletarrak ibiltzea eta askotariko belaunaldiak han elkartzea. Gure ustez, positiboa da hori; taberna ondo prestatuta dago eta erakargarria dela iruditzen zaigu". "Poliki-poliki hasi da tamaina hartzen, eta leku onean egonda igarri da adin askotariko herritarrak egon direla Uretzen", gehitu du Gari Iturbe alkateak.
POBA proiektua
Uztailean lizitazioa aurkeztu eta irailean taberna berriro zabaltzea da Udalaren asmoa, eta jakinarazi dute hurrengo lizitazioan, aurrekoarekin alderatuta, ez dela bestelako aldaketarik egongo baldintzei dagokienez. Hala ere, badaude tabernan bertan zein eskainitako zerbitzuetan egingo dituzten berrikuntzak. Iturbek jakinarazi du aurrera begira "hobekuntza batzuk" egingo dituztela: "Panel batzuk jarriko ditugu tabernan, barruko zarata kanpora irten ez dadin".
Horrez gain, Aretxabaletako Gizarte- eta Osasun-zerbitzuek elkarlanean lantzen diharduten POBA (Pertsonen Ongizatea Begirada Anitzetik) proiektutik abiatuta, "astelehenetik egubakoitzerako jantoki zerbitzua" emango da Uretzen 65 urtetik gorako herritarrentzat. "Nahi duguna da, alde batetik, elikadura osasungarria sustatzea eta bermatzea; eta, bestetik, bakarrik bizi diren pertsona horiek elkartzeko gune bat izatea. Bazkaltzera datozenek izan dezatela harremana izateko toki bat. Horrek bermatzen badu astean zehar jendea bazkaltzera joatea, bi helburu betetzen ditugu: tabernak mugimendua izatea eta bakardadearen inguruan lantzen dihardugun proiektu horrekin aurrera egiten jarraitzea", jakinarazi dute Udaleko Gizarte Zerbitzuetako teknikariek.