Ia 300 haurrek hartuko dituzte herriko txokoak, udaleku irekien baitan

Julen Murua Mesonero 2026ko uztailaren 3a

Aretxabaletako haurrak, iazko udaleku irekietan, Markole auzoan jarritako ur-putzuetan.

Datorren astelehenean hasita, uztailak 6, hiru astez murgilduko dira Aretxabaletako haurrak udalekuetan, hilaren 24ra arte. Urtero bezala, sanferminak, Portasolgo jaiak eta azken jaia ospatuko dituzte.

3 eta 12 urte bitartekoek izango dute parte hartzeko aukera, eta goiz osoko jarduna izango da: astelehenetik egubakoitzera, 09:00etan hasiko dira eta 13:00etan bukatu. Eguena izango da salbuespeneko eguna; izan ere, herritik kanpoko irteerak egingo dituzte, 09:00etan hasi eta 17:00etan bukatu arte.

Hainbat protokolo martxan

Guztira 281 neska-mutikok eman dute izena udalekuetan, eta euren jarduna dinamizatzen ibiliko dira 27 hezitzaile eta bi zuzendari: Ane Dacosta eta Rixi Soares, hain zuzen ere. Udalekuen helburuak berbera izaten jarraitzen duela dio Soaresek: "Helburu nagusia da euskara erdigunean duten udalekuak antolatzea. Gainera, hezkuntza inklusiboa eta berdintasuna sustatzen eta bultzatzen dugu, eta ez dugu inolako hezkuntza edo jolas sexistarik onartzen. Haurren parte hartzea bermatzea ere ezinbestekoa da guretzat. Bestalde, herria zaintzeko ardura ere badugu, gu nonbaitetik igaro izana ez dadin nabaritu". Soaresek jakinarazi du aurten hainbat protokolo martxan jarri dituztela, "legeak hala eskatzen duelako", eta hori izango dela "berrikuntza nagusia".

Askotariko ekintzak

Hezitzaile talde bakoitzak dagokion adin tartearen araberako programa bat osatuko du. "3, 4 eta 5 urtekoek ekintza gehienak herrian egingo dituzte, eta ez dira oso urruti joango; Urkulura edo Otala Zelaira, egun osoko irteerak direnean. Lehen Hezkuntzako ikasleekin, berriz, ezberdina da: Aretxabaletako kiroldegiko igerilekua erabili dezakete, eta Arrasateko igerileku irekietara ere egingo dute irteera bat. Horrez gain, zenbat eta helduagoak izan, orduan eta irteera luzeagoak egingo dituzte. Esaterako, 10 eta 12 urte bitarteko gazteak Usakora joan daitezke bizikletan, edo mendira egun-pasa", adierazi du Soaresek. Egunerokotasuneko ekintzez gain, urteroko legez, sanferminak eta Portasolgo jaiak ospatuko dituzte, eta udalekuetako azkenengo egunean azken jaia ere egingo dute.

Geroa Sortuz campusa

Ohiko udalekuez gain, urteroko hitzordu bihurtu den Geroa Sortuz campusa antolatu du UDAk 2013 eta 2017 bitartean jaiotako neska-mutilentzat. Uztailaren 6tik 24ra bitartean egingo dute, honako ordutegi honekin: astelehenetan, martitzenetan eta eguenetan, 09:30etik 16:30era; eguaztenetan eta ostiraletan, berriz, 09:30etik 13:00etara izango da. Guztira 80 neska-mutilek hartuko dute parte, eta, futbolean oinarrituta dagoen campusa izan arren, bestelako irteerak ere egingo dituzte. Futbolean jokatzeaz gain, helburuak "ondo pasatzea eta euskara bultzatzea" direla adierazi dute antolatzaileek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak