Areantzako behien zelaia, Añube taldearen eta gertuko lagunen agertoki bihurtuta

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2026ko uztailaren 3a

Iluntasunetik argitasunera jaialdian parte hartuko duten musika taldeetako ordezkariak. Xabier Urtzelai

Iluntasunetik argitasunera jaialdia antolatu du Añube seikoteak biharko, bosgarren urteurrena ospatzeko: eguerdian, Aretxabaletan izango dira kontzertuak, eta arratsaldean, Urkulu inguruan; arratsalderako sarrerak agortuta daude.

Beñat Abasolo gitarra-jolea, Beñat Lizarralde baxu-jolea, Egoitz Goikoetxea bateria-jolea, Julen Garmendia saxofoi-jolea, Jon Uribesalgo gitarra-jolea eta Aitor Bedia abeslaria dira gaur egun Añube. Ibilbide azkarra besteko emankorra egin du orain dela bost urte sortutako musika taldeak: bi disko –Añube, 2002an eta Errautsetatik loratzen 2024an– eta ehundik gora kontzertu egin ditu oraindik ere asko kantatzeko duen seikoteak. "Inongo pretentsio barik abiatu genuen, oihartzun pixka bat edukitzera heldu gara nahi barik, eta oso pozik gaude daukagun publikoaren berotasunarekin", azaldu du Aitor Bedia Hans abeslariak. 

Añube taldeko kideak. Argazkia: Añube

Lagun asko dituen taldea da, eta horren erakusle da biharko prestatu duten jaialdiaren kartela. "Ez da erraza izan aukeraketa egitea, lagun arteko zerbait egitea zen hasieratik helburua, baina ezin genituen denak gonbidatu. Ibilbidean zehar ezagutu eta harreman berezia egin dugun musikariekin osatu dugu kartela, baina biharko ekimena egin ahal izango da alboan ditugun 60 laguntzaile baino gehiagori esker".

Arratsaldeko sarrerak, agortuta

Hiru gune izango ditu jaialdiak. "12:00etan hasita, Fito Skins eta Sukena taldeek joko dute, Aretxabaletako Mitarte kalean. 80 lagun inguru elkartuko gara gero, Areantzan, Beñat Abasolo taldekidearen baserrian, bazkaltzeko, eta 15:00etan zabalduko dugu kontzertu-gunea. 16:00etan hasiko dira kontzertuak, eta, Añubez gainera, Brigade Loco, Lehen Lerroa eta The Lio taldeak izango dira; 50 minutu inguruko emanaldiak izango dira; gurea, baina, luzeagoa izango da, eta hainbat kolaboratzaile izango ditugu agertokian lagun. Di-da saldu ziren 700 sarrerak, eta ezingo ditugu gehiago eskaini, edukiera arrazoiak tarteko. Gauean, berriz, Aretxabaletako Ezkutu tabernan jarraituko du jaialdiak, eta gure lagun DJ Villianek jarriko du musika, 23:00etan hasita". 

Lehen Lerroa, Brigade Loco, Añube eta Sukena taldeetako kideak.

Areantzarako bidea, itxita

Eremu pribatu batean izango da jaialdiaren arratsaldeko zatia, eta, horregatik, "errespetuz jokatzeko eta auzoa eta auzokideak zaintzeko" dei egin dute antolatzaileek, segurtasun eta erasoen aurkako protokoloak izango direla gaineratuta. Era berean, ez dituzte Urkulu eta haren inguruak autoz bete gura; hori horrela, doako autobus-zerbitzua izango da 14:30etik 22:30ak bitartean. "Une oro ibiliko da autobusa Aretxabaletatik Areantzara gora eta behera; erdiguneko Eroski ondoan izango da geltokia, garai bateko AZBEn".

"Ondo pasatzeko eguna"

Hori da antolatzaileen helburua, eta, hori posible izan dadin, "guztion jarrera ona ezinbestekotzat" dute. Sare sozialetan argitaratu dituzte arautegia eta jendeak egindako ohiko galderen zerrenda. "Sarrera dutenak bakarrik sartu ahalko dira. Ezingo da edaririk sartu, taberna bat izango da han, eta baita Zaloña Aurrekoa baserriko hanburgesak erosteko aukera ere, nahiz eta janaria gunera sartzeko aukera izango den. Gerizpe handirik ez da izango eremu hartan".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak