Ekainaren 28a aitzakia hartuta, aldarrikapenak kalean haizatzeko gertu

Mirari Altube Arrese 2026ko ekainaren 26a

Lohixak taldeko Eider Sanchez eta Atxabalta Harro elkarteko Beñat Arizabaleta, Tril Emakume Txokoan.

LGTBIQ+ komunitateko kideek eratutako Aretxabaletako bi elkarteek, Lohixakek eta Atxabalta Harrok, ospakizunerako eta borrokarako aste bukaera antolatu dute.

LGTBIQ+ Komunitatearen Nazioarteko Eguna da ekainaren 28a, eta Aretxabaletan kalera aterako dira kolektibo horretako kideak. Azken urteetan lanean diharduten bi talde daude herrian: Atxabalta Harro eta Lohixak. Batek zein besteak herritarrak gonbidatu dituzte aste bukaeran egingo dituzten ekitaldietara.

Atxabalta Harro, ospatzera

Bost urte bete ditu aurten Atxabalta Harro elkarteak, eta bertako kide da Beñat Arizabaleta, beste bospaseirekin batera. Ekainaren 28a ospatzeko gogotsu daude, eta horregatik, zapaturako, hainbat ekitaldirekin osatutako egitaraua gertatu dute. "Ezinbesteko ikusten dugu aldarrikapenak kalera ateratzea eta herrian presentzia hartzea, hemen gaude esateko. Horregatik, zarata egitea gustuko dugu, jendeari ikusaraztea herrian bertan dagoen errealitatea". Eta argi dute horretarako modu bat dela ospakizuna: "Zarata egite hori gozamenetik egin dezakegu, ospakizunarekin. Aldarrikapen oso zorrotzetan sartuz gero jendeak deskonektatu egiten duela uste dugu; herritarren arreta lortzen badugu ondo pasatzen ari garelako, gaitz erdi! Noski, aldarrikapenak ere egin behar dira, eta, horregatik, manifestazioan izango gara domekan".

Unean uneko helburu txikiak lortzea, hortxe dute jarrita arreta, epe luzera begiratu gabe: "Ildo horretatik, gazteengana iristea gurako genuke, kontzientzia piztu haiengan". Hain zuzen, maiatzaren 17aren harira Kurtzebarri institutuan izan ziren Lohixakeko kideekin batera, hango ikasleei erakusten bi elkarteek egiten duten lana.

Lohixak, kontzientzia piztera

Lohixak taldeak hiru-lau urte ditu. Hamar bat kidek osatzen dute eta gehienak oso gazteak dira, unibertsitateko ikasketak egiten dabiltzanak, eta horien artean dago Eider Sanchez.

Ekainaren 28a aldarrikapenerako egun baliatuko dute: "Eguneko egitaraurik ez dugu antolatu. Manifestazio bat eta irakurketa bat aurreikusi ditugu, aldarrikapenera bideratuta. Horrek ez du esan gura borrokarekin gozatzeko espaziorik ez dagoenik. Aurten, ezin izan dugu bestelakorik antolatu eta xumetxoagoa izango da, baina kalean egongo gara". 

Komunitateak antolatutako ekintzetara behar gutxien dutenak batzen direla uste dute: "Tristeena da halako errealitateak ulertzeko, bizitzeko eta borrokara batzeko beharra duten pertsonak direla euren burua zalantzan ere jartzen ez dutenak. Falta da kontzientzia piztea; jendea gertura dadila, gutxienez, informatzera, halako espazioetan jende ezberdina batzeko". Kontzientziazio lan hori egiteko ikusgarritasuna behar dela onartu du: "Gutako gehienok erreferenteekin ikasi dugu. Horregatik, garrantzitsua da ez bakarrik orain, baita urteko beste egun batzuetan ere ikusgarritasunari espazioak zabaltzea".  

LGTBIQ+ diagnostikoa

Orain dela urtebete aurkeztu zuen Udalak LGTBIQ+ diagnostikoa, eta horren irakurketa positiboa egin dute biek ala biek. "Aurrerapausoa da; eta diagnostiko horren ostean etorriko da ekintza plana. Nik uste dut hor dagoela gakoa: diagnostikoaren ostean, zer?", dio Arizabaletak, eta asko dagoela egiteko gehitu du: "Herri hau are eta bizigarriago egin gura dugunok argi izan behar dugu oraindik lana badagoela eta aldarrikapen eta borroka asko egin beharko dugula; eta gu horretarako prest gaude". 

Lohixakek ere hartu zuen parte diagnostikoaren lanketan, eta ondo baloratu dute Udalak ekimenaren ardura izatea: "Dena den, uste dugu halako kontuetara gerturatzen dela halakorik behar ez duen jendea. Eta halako errealitate txokak behar dituzte mundu trans-mari-bi-bolloarekin zerikusirik ez dutenak. Hortaz, guk egindako irakurketa izan zen: oso guai egon da, baina betikoak egon gara hori entzuten".

Bi talde herrian

Herrian bi talde egoteari ez dio aparteko garrantzirik eman Lohixakek: "Biok dakigu borroka beharrezkoa dela, baina borroka hori marko ezberdinetan kokatzen dugu. Dena den, elkarlanean ekintzak egiteko zabalik gaude".  

Atxabalta Harrok uste du erakusten duela borrokarako gertu dagoen herria dela: "Kontzientzia duen jendea egon badago; eta zerbait positiboa badu Aretxabaletak da ez garela geldi egoten eta antolatzeko gaitasun handia dugula. Hori aprobetxatu egin behar dugu bi taldeok elkartuta aurrerapausoak emateko".

Egitaraua

Atxabalta Harrok egun osoko jaia antolatu du biharko, zapaturako:

  • 11:00 Pregoia, Herriko Plazan.
  • 12:00 Harrobira, Portasoletik hasita.
  • 15:00 Bazkaria eta bazkalostea, frontoian.
  • Ondoren, Harrolinpiadak, herrian zehar.
  • 22:00 Ttarraka erromeria, Mitarte kalean.

Eta domekan, ekainaren 28an, bi taldeek deituta eta Udalaren babesarekin manifestazioa egingo dute 18:00etan abiatuta Herriko Plazatik.

Horiez gain, Atxabalta Harrok erakusketa jarri du Tril Txoko Feministan. Hainbat edukirekin apaindu dituzte paretak, eta han jaso, batetik, kolektiboaren bueltako albisteak; bestetik, erreferenteak, batez ere kultur arlokoak; eta hirugarrenik, hainbat erakunderen gaineko informazioa. Uztailean, Arkupera eroango dute orain Trilen dagoen erakusketa hori.

Udalaren deia batzeko

Udalak, bere aldetik, domekarako antolatutako manifestaziora batzeko deia egin die herritar guztiei.

Ekainaren 17an egindako osoko bilkuran, gainera, aho batez onartu zuten adierazpen instituzionala. Hona hemen hori:

"Azken urteotan sexu- eta genero-aniztasunaren onarpena handitu egin da, eta aurrerapen hori hainbat pertsona, elkarte, erakunde, kolektibo eta erakunderen etengabeko lan konprometitu eta borroka nekaezinari esker lortu da.

Badakigu lortutako eskubideak hauskorrak direla, ordea, eta oso erraza dela horiek galtzea eta atzera egitea. Egungo testuinguruak agerian uzten ditu eraso LGTBI+fobikoen datuen gorakada, diskurtso patologizatzaileen ugaritzea eta, ondorioz, LGTBIAQ+ persona askok oraindik diskriminazioari, estigmatizazioari eta indarkeria egoerei aurre egin behar dietela.

Ekainaren 28a ez da oroitzapenezko eta ospakizunerako data bat soilik, ekintzarako deia baizik. LGTBIAQ+ eskubideen aldeko borroka herritar guztion erantzukizuna da. Gorrotoa eta intolerantzia ez ditugu onartuko. Horregatik, herritar guztiak ausardiaz jokatzera, gorroto diskurtsoen aurrean isilik ez egotera eta edozein indarkeria, diskriminazio edo eskubide-urraketa salatzera animatzen ditugu. Babes-keinu bakoitza, ikusgarritasun-ekintza bakoitza, LGTBIAQ+ eskubideen aldeko hitz bakoitza ezinbesteko pausua da lortutako lorpenak sendotzeko eta aurrera egiten jarraitzeko.

Maiatzaren 17ko adierazpen instituzionalean esan bezala, Aretxabaletako Udalak konpromisoa berresten du LGTBIAQ+ pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko, eskubideak bermatzeko eta pertsona guztientzako bidezkoagoa, anitzagoa eta bizigarriagoa izango den herria sustatzeko politika publiko eraginkorrak diseinatu eta bultzatzeko.

Horrez gain, Aretxabaletako Udalak erabateko berdintasuna, duintasuna eta sexu eta/edo genero identitatea askatasunez garatzeko eskubidearen defentsa garbia egiten du.

Horregatik, Aretxabaletako Udalak maiatzaren 17ko adierazpen instituzionalean hartutako konpromisoak berresten ditu:

  • Iaz landutako Aretxabaletako LGTBIAQ+ diagnostikoa abiapuntu hartuta, ekintza-plan bat sortu eta gauzatuko du.
  • Udal teknikariak sexu-orientazio eta genero-identitate anitzen gaietan trebatuko ditu.
  • Herriko eragileekin elkarlanean, sexu-orientazio eta genero-identitate anitzak ikustarazteko ekintzak antolatuko ditu.
  • Herrian LGTBIAQ+ pertsonen aurkako indarkeria prebenitu eta indarkeria egoerei aurre egingo die.

Ekainean Aretxabaletan antolatutako sentsibilizazio- eta aldarrikapen-ekintzetara gonbidatzen ditugu atxabaltarrak; esate baterako, ekainaren 27an Atxabalta Harro egunera, ekainaren 28an izango den manifestaziora edo “Harro erakusketara”, ekainean (TRIL Atxabaltako Txoko Feministan) eta uztailean (Arkupen) ikusgai egongo dena. Funtsezkoa da harrotasunez kalera irtetzea argi adierazteko LGTBIAQ+ eskubideen aldeko borroka bizitzaren, persona guztien eskubideen eta duintasunaren, berdintasunaren eta askatasunaren aldeko borroka dela".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak