Nondik sortu zen Iruki beltza liburua idazteko ideia?
Neure buruan gauza asko zeuden bueltaka, eta pentsatu nuen horiek guztiak islatzea liburu batekin. Ilusioa hortik hasi zen, zelanbait. Hiru urte eta lau hilabete ibili nintzen liburua egiten. Niri interesatzen zitzaizkidan puntuen inguruan hitz egin nahi nuen, eta barrenak islatu.
Zer kontatzen da liburuan?
Berez, funtzio asko dituen liburu bat da. Batetik, garai historiko konkretu baten bueltako datuak ematen ditu: hain zuzen, XX. mendeko Hitlerren agintaldikoa eta XXI. mendekoa.
"Neure buruan gauza asko zeuden bueltaka, eta pentsatu nuen horiek guztiak islatzea liburu batekin"
Zergatik?
Bertan lantzen den gakoa aniztasun funtzionala da, eta istorioan, 714. zenbakidun presoak autismoa dauka. Ni pertsonaia horretan gorpuzten naiz. Aniztasun funtzionala du liburuak ardatz, eta garai hartan oinarritzen da; izan ere, naziek juduengan egindako genozidioan, jakitun naiz aniztasun funtzionala zituzten pertsonak hiltzera bidali zituztela; Hitlerren ustez, aniztasun funtzionala zuten pertsonak ez ziren duinak bizitzeko. Donostian egindako kultura jardunaldietako baten, berriz, jakin nuen genozidioa hasi aurretik, sarraskian aplikatu ziren metodo asko aniztasun funtzionala zuen jendearekin probatu zirela; COVID garaian txertoak ateratzeko arratoiekin egiten zen bezala. Hori ikusarazi nahi izan nuen liburuan.
Nolatan dakizu hainbeste garai horren inguruan?
11 urte nituenean hasi zen guztia. Eskolan, Pijama marradunaz jantzitako mutikoa pelikula jarri ziguten, eta, une hartan, Hitler zein zen jakin gabe, irudi asko sartu ziren neure buruan. Ume baten perspektibatik ulertzen nuen liburua, eta horrek inpaktu handia izan zuen nire bizitzan. Hasiera batean, pentsatzen nuen ez zela posible hori gertatu izana, eta informatzen hasi nintzen gaiaren inguruan. Gai horrek kaos bat sortu zuen neure buruan, eta denbora batez sufritu egin nuen horrekin. Behin hausnarketa bat eginda, idatzi batera pasatu nahi izan nuen, ardatza nik gertutik bizi dudan puntu batean jarrita: aniztasun funtzionalean.
Zer deskubritu dezake irakurleak liburua irakurrita?
"Gomendio batzuk ematen dira, jende horrekin hitz egitean nola jardun jakiten laguntzeko"
Honen funtzioa da nire izaera erakustea. Autismoaz hitz egiten dudanean, nire autismoaren inguruan hitz egiten dut. 2014an diagnostikatu zidaten, eta, horretaz hitz egiten dudanean nire kasuaz hitz egiten badut ere, liburu hau irakurtzea bide bat izan daiteke autismoa zer den jakiteko eta pertsona batek nola bizi duen jakiteko. Gero, estilo nobelistan idatzita dago, nik asmatutako protagonista batekin, eta egia izan daitezkeen gertaera batzuekin ezagutu daiteke, baita ere garai hartako egia zein zen.
Horrez gain, gomendio batzuk ematen dira, jende horrekin hitz egitean nola jardun jakiten laguntzeko. Ez da lan erraza izaten, askotan, pentsatzen dena idatzira pasatzea. Idaztea ez da hitz egitea bezala, beste prozesu bat dakar. Beraz, nire sentipenak islatu ditudan uneetan oroitzapenak gertaera baten bitartez islatu nahi izan ditut.