Markole auzoan, Ibarra kiroldegi aurrean, egokitu duten gune berria zaintzea eta han arduraz jokatzea eskatu diete Udal ordezkariek herritar guztiei, "espazio publikoak kontzientziaz erabiliz eta bizikidetza sustatuz". Zera adierazi dute prentsa-ohar bidez: "Guztion ardura da gure herria garbi, zainduta eta guztiontzat atsegin eta bizigarri mantentzea".
Txakurren "gorotz ugari"
"Urte luzez zain" egon ondoren, maiatzean jarri zituzten Aretxabaletako ur-txorroten lehenengo gunea, horretarako "inbertsio ekonomiko garrantzitsua" eginez. Eta parke horretan herritar guztiendako "belargune berriak sortu eta egokitu" dituzte: atseden hartzeko, etzanda egoteko, irakurtzeko, jolasteko edo naturaz gozatzeko.
"Hala ere, egindako ahalegin horiek guztiek ezin dute espero dugun emaitza eman guztion ardura eta konpromisorik gabe", adierazi dute eta dagoeneko "txakurren gorotz ugari" agertu direla nabarmendu. Hori ikusita, gogorarazi dute ur-txorroten gunean eta hura inguratzen duen berdegune osoan debekatuta dagoela txakurrak sartzea, eta hori argi eta garbi adierazita dagoela parkera sartzeko dauden lau sarbideetan jarritako karteletan. "Arau hori errespetatzea ezinbestekoa da espazio horien garbitasuna, kontserbazioa eta erabiltzaile guztien ongizatea bermatzeko".
Puxikak ez erabiltzeko eskaera
Bestalde, ur-txorroen inguruan sortutako plastiko-hondakinak –bereziki
puxiken edo globoen hondarrak– arazo bihurtu direla adierazi dute: "Plastiko horiek kalte egiten diote ingurumenari, eta belarguneen garbitasuna nabarmen murrizten dute". Gainera, belarraren artean zabaltzen diren plastiko-zati txikiak jasotzea oso zaila dela gogorarazi dute "garbiketa lanak areagotuz". Horregatik, ahal den neurrian puxikak ez erabiltzeko eskatu dute.
Hori horrela, herritarrei eskatu diete arduraz jokatzeko eta "guztion ardura delako herria garbi, zainduta eta are eta atseginago mantentzea".