Landare bizikorrak landatuko dituzte Araba ibilbideko bi lorategitan

Mirari Altube Arrese 2026ko ekainaren 19a

Araba ibilbideko lorategia, prestatze-lanak egiten hasita. M.A.

Araba ibilbideko 34 eta 36. atarien aurrealdeko lorategiak birmoldatu egingo ditu Udalak. Landare bizikorrak landatuko dituzte horietan, eta horren ardura Astigarragan egoitza duen Loretan Taldeak izango du.

Astean bertan hasi dira lorategiak prestatzen. Lehen fasean, gaur egun dauden landareak eta belarra kenduko dituzte, eta, ondoren, eremuari atseden hartzen utziko diote; gero, aste pare bat barru, landaketa egingo dute. Ondo bidean, uztail hasierarako izango dira itxura berrituarekin lorategiak.

Mantentze-lan gutxiago

Lorategi naturalista esaten zaie halakoei, eta denbora luzez bizi diren landareekin osatuta daude; hau da, urteko sasoi bakoitzean itxura ezberdina dutenak. "Neguan, askotan, itxuraz lehortu edo zimeldu egiten dira, baina ez dira hiltzen: udaberria iristean berriro indartzen dira, hostoak eta loreak ematen dituzte", azaldu du Ion Albizuk, Udaleko Hirigintza zinegotziak.

Beste landare asko ez bezala, ez dira urtero landatu behar, eta horrek badituela abantailak dio Albizuk: "Oso egokiak direla mantentze-lanak gutxitzeko eta ur-kontsumoa murrizteko". Loratu enpresari eman dio lorategi horien egokitzapena: "Adituak dira halako diseinuetan, eta beste herri batzuetan ere jardun izan dute". Hain zuzen ere, estetikari ere erreparatuko diote, eta hainbat altuera eta testura izango dituzte lorategiek. Behin egokituta, jarraipena Aretxabaletako Makai enpresak egingo die, herriko gainerakoei legez.

Beste gune batzuetara zabaldu

Herritarren artean ikusmina sortu dute egunotan egin dituzten prestaketa-lanek, Loretaneko lorazainen esanetan, eta Albizuk gaineratu du "ohitu" egin beharko dutela, beste estilo bateko eremua sortuko delako. Lorategi mota hori herriko beste gune batzuetara zabaltzea da asmoa; horien artean daude Lausitta eta Araba ibilbideko beste hainbat gune: "Helburua da lorategi txukunagoak izatea eta estetika hobetzea".

Gorka Esnal: "Lorategi dinamikoak dira; itxura aldatuz doaz sasoiaren arabera"

Loretan Taldea SL enpresako kidea da Gorka Esnal Andueza, eta Aretxabaletan lorategi naturalista diseinatzeko ardura du.

Zelako lorategiak dira?

Landare bizikorrak eta gramineak [belarrak] izaten dituzte. Bizikorrak dira urte luzez bizi diren landareak, eta haien bizi-zikloa urtaro bakoitzera egokitzen da: udaberrian jaio, udan loratu, udazkenean lehortu eta neguan desagertu. Eta ziklo hori urtero errepikatzen dute. Lorategi dinamikoak dira, itxura aldatuz doazenak, ziklo naturala eginaz.

Bertako espezieak dira landare bizikorrak?

Batzuk bai, baina kanpotik ekarritakoak ere badaude. Izan ere, edertasuna gura izaten da, eta hori lortzeko Europan hazitakoak edo Ameriketako Estatu Batuetakoak ekartzen dira; munduko espezieak gure klimara ondo egokitzen direnak.

Euskal Herrian ohikoak dira halako lorategiak?

Ohikoak ez; iparraldetik datorren ohitura da eta gurean ere gero eta gehiago daude.

Moda kontua izaten da?

Bai. Lorategiak asko du edertasuna nahi izatetik, eta, artean bezala, gaur egun garaikidea da lorategi naturalista.

Klima-aldaketa igartzen da lorategietan?

Bai, asko. Horregatik, gure jakintza egokitu egin behar dugu. Esaten da bi urtaro pasatu gabe udatik negura eta negutik udara salto egiten dela orain, eta landareek igarri egiten dute hori. Horregatik, lehen landatzen ez genituen espezieak hasi gara erabiltzen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak