"Helburua ez da kudeaketa administratiboa soilik optimizatzea, baizik eta lurralde-sinergiak, gertutasuna eta errotzea aprobetxatzea herritarrei arreta hobea eskaintzeko", adierazi dute prentsa-ohar bidez, eta gaineratu: "Apustu honek herri bakoitzeko gizarte-konektibitatea bultzatzen du, zainduen eta zaintzaileen arteko harremanak komunitatearen mesedetan jarrita".
Hiru ardatz nagusi
Diote udalen arteko lankidetzak "abantaila handiak" ekarriko dizkiola komunitateari, eta hiru ardatz nagusi nabarmendu dituzte. Batetik, lantaldearen sustapena eta koordinazio teknikoa dago; hau da, estrategia komunak eta informazioa partekatu eta herritarrek bizi, kalitate-, ekitate- eta duintasun-estandar berak jasoko dituztela bermatzea.
Bestetik, lan-baldintzak hobetzea, lizitazioa sendotzea eta zaintzaren kalitatea indartzea dago; kontratu handiagoa izanik, enpresa lizitatzaileak "kontratu egonkorragoak eta lanaldi osoak" eskainiko ditu, besteak beste; hezitzaileen ordu-igoera ere ekarriko du, familiei arreta jarraituagoa bermatuz, eta, langileen txandakatzea murriztuta, erabiltzaileekin duten lotura indartzea da asmoa. Eta hirugarrenik, eraginkortasun ekonomikoa dago: gastu burokratikoak murriztu, eta gero eta baliabide gehiago bideratuko dira zuzeneko arretara.
Teknikariei eskerrak
Bi udalerrietako Gizarte Zerbitzu eta Kontratazio sailetako teknikariei eskerrak eman dizkiete, prozesua abian jartzeko egindako lanagatik: "Haien borondateari, koordinazioari eta konpromisoari esker, muga administratiboak gainditu eta zerbitzu eraginkorrago, gertukoago eta gizatiarrago baten oinarriak ezarri dira".