Parte-hartzaile ezberdinak izan ditu mojetako lorategian egindako egubakoitzeko kontzertuak, denak herrikoak: musika banda, abesbatza eta bi bakarlari, Nahia Garcia eta Mailen Gallo. "Oso kontzertu polita izan da. Lau pieza jo ditu bandak, bakarlariekin pieza bat egin dugu –Over the rainbow– eta hiru abesbatzarekin. Lehen aldia da eurekin batera kontzertua egin duguna, eta egia esan ondo atera da. Abesbatzako zuzendariarekin, Mariatxen Urkiarekin, egin dut berba emanaldiaren amaieran eta haiek ere gustura gelditu direla adierazi dit. Lehen aldia izan da hau, baina izango dira gehiago", azaldu du bandako zuzendariak, Jon Lopezek.

Herritarrak ere gerturatu ziren kontzertuaz gozatzera, eta hasieratik bukaeraraino jarraitu zuten. Azken pieza, gainera, "propina" izan da: Salvadorren heriotzean.
Hauxe izan da egitaraua:
-
Hasierak: Aretxabaletako txistulari eta konpositorearen kalejira. Demetriok hainbat konposizio egin zituen txistulari taldearentzako: Loramendi, Uratz-alde, Murualde, Erañatar Erramon… Bandarako moldaketa ezberdinak ditu, M. Markiegirena izan dituzte entzungain
-
The New World Symphony: Antonin Dvorak konpositore txekiarraren obrarik ezagunena, 1893.urtean konposatua.
Obra honekin Dvorak-ek antzinako Europaren eboluzioa deskribatzen du. Bandarako moldaketa Andrew Balent-ena da. -
Covergence: Larry Clark konpositore estatubatuarraren obra boteretsua. Unisonoan hasten da obra eta harmonia trinkoetan azkar hedatuz, lan honek konposizio garaikidearen kontzientzia zabalago batera ere eramaten du. Erdiko sekzio motelago batek kontraste beharrezkoak eta sonoritate bertikalak ematen ditu, lerro melodikoek obran zehar duten elkarrekintza azpimarratzen dutenak.
-
Music from Braveheart: James Horner-en, Titanic eta Avatar bezalako soinu-banden konpositorearen, lanik ezagunenetako bat da Bravehearten musika. Partiturak orkestra klasikoa eta zelta eta eskoziar instrumentu tradizionalak konbinatzen dituzten 18 pieza instrumental biltzen ditu, hala nola gaitak, flautak, bodhrango danborrak, perkusioa eta haurren koruak. Nahasketa honek giro epikoa, malenkoniatsua eta erromantikoa sortzen du, William Wallaceren istorioarekin eta Eskoziaren independentziaren aldeko borrokarekin batera. Bandarako moldaketa Johnnie Vinson-ek sinatzen du.
- Over the Rainbow: 1939ko El mago de Oz filmerako idatzitako balada, jatorrizko abesti onenaren Oscar saria irabazi zuena. Musikaren egilea Harold Arlen izan zen eta letrarena Yip Harburg. Judy Garlandentzat bereziki idatzia, abestiak bizitza osoan lagunduko zion aktoreari: bere agerpen publiko guztietan kantatzeko eskatzen zitzaion, eta bat-batean hil zenetik berarekin lotu izan da beti. Oraingo honetan Nahia Garcia eta Maialen Galloren ahotsek abestuko dute
-
1492: Conquest or paradise: Vangelis greziar musika elektronikoko artista eta konpositoreak egindako soinu-banda da. Cristobal Colonek 1492an Ameriketara egindako bidaia kontatzen duen filma Ridley Scottek zuzendu zuen, zeinarentzat Vangelisek aldez aurretik Blade Runnerren soinu-banda konposatu zuen.
- Walking to the sky: Robert Buckley Brighton, Inglaterran, jaotako konpositorearen lana. Walking to the Sky filmak ikuspegi epikoa eta zinematografikoa hartzen ditu, jakinduriaren eta transzendentziaren aldeko gizateriaren bilaketa kolektiboa ospatzeko. Jonathan Borofskyren 30 metroko eskultura batean inspiratu zen infiniturantz doan pertsona-talde baten ilusioa sortzen duena. Perkusio dardaratiarekin, metal heroikoekin, melodia liluragarriekin, bat-bateko dinamika-aldaketekin eta tonalitate-aldaketa dramatikoekin, taldeko kide guztiek dute soinu-banda zirraragarri honen protagonista izateko aukera.
Musika ikasleen kontzertua datorren astean
Datorren astean audizio astean egingo dute musika eskolan. Gainera, martitzenean, hilak 16, kontzertua egingo dute musika ikasleek Zaraia aretoan, 18:00etan.