Aretxabaletako kuartelean du entsegu-lokala Haritz Uriarte gitarra-jole eta abeslari aretxabaletarrak eta Josu Arabaolaza bateria-jole arrasatearrak 2016an abiatu zuten Dear Flakutxo taldeak. "Beste talde baten baxua jotzen nuen, eta, taldea utzi ondoren, gitarra ikasten hasi nintzen nire kantuak sortu ahal izateko, eta 2016tik ari gara Josu eta biok proiektua aurrera eroaten. Hasierako kontzertuetan bikote moduan aritu ginen, baina Donostiako Iñigo Lurgain baxu-jolea ezagutu genuen 2024an, eta gure kontzertuetan kolaboratzen hasi zen. Baxu-jole baten bila ari gara orain; asteon elkartu gara estreinakoz akaso taldeko hirugarren kidea izango den musikariarekin", azaldu du Haritz Uriartek.
Lau kantu berri
Askatasunaren trena LPa argitaratu zuten 2021ean, Argi Gorriak singlea 2023an, eta apirilaren 24ean argitaratu zuten Hezurrak astintzen EPa. "Soinu-teknikaria naizenez, ni arduratu naiz grabazioekin eta nahasketekin. Musika estiloari dagokionez, lehenengo diskotik hona aldaketak daudela uste dugu, baita grabazioaren soinuan ere; batez ere, gitarra garbia hainbat efekturekin gehiago erabiltzen dugulako eta sintetizadoreak edo teklatuak ez direlako horren nabarmenak. Gitarraren distortsioa aldatu egin dugu, eta ahotsean melodia gehiago sartu. Orain artekoen bidetik, abestiak luzeak dira".
Dear Flakutxoren musika estilo bakarrean definitzea ez da samurra; rock alternatibotik gertu dago, rock progresiboaren eta grunge estiloaren nahasketekin. Hitzei dagokienez, askotariko gaiei buruz kantatzen dutela gaineratu dute: "Egunerokotasunean gertatzen diren gai orokorrak eta gai pertsonalak daude oinarrian. Asmatutako istorioak daude batzuetan eta kritika-soziala beste batzuetan, sistemarekin konforme ez gaudela adierazten dutenak".
Sarean entzungai
Formatu digitalean bakarrik dago, oraingoz, lan berria eskuragarri. "Badcamp-eko gure kontuan dituzue, prezio oso onean, deskargatzeko moduan eta streaming plataformetan ere entzungai. Horrez gainera, bi bideoklip egin ditugu kantu berriekin; Youtuben eta Dearflakutxo.com atarian dituzue ikusgai; aurrekontu txikiarekin egindakoak dira, telefono mugikorrarekin grabatuta eta guk geuk ekoiztuta".
Jendaurrean jotzeko gogoz daude eta kontzertuak lotzeko lanean ari dira: "Gure asmoa da urte bukaerarako eta hurrengoaren hasierarako lotzea".