Bandak eta Aretxabaleta Abesbatzak elkarlanean joko dute kontzertua, aurrenekoz

Julen Murua Mesonero 2026ko ekainaren 12a

Bandakoak, Arkupen emandako lehenengo kontzertuan. Argazkia: Jon Lopez.

Bien arteko elkarlanaren "balioa" nabarmendu du bandako zuzendari Jon Lopezek.

Ikasturte bukaerako kontzertua egingo du Leizarra musika eta dantza eskolako bandak gaur, 19:00etan hasita, mojetako lorategian, Aretxabaleta Abesbatzarekin batera. Herriko eragileekin batera egin izan dituzte halako kontzertuak, eta, hango zuzendari Jon Lopezek dioenez, "balio handia" ematen dio herriko beste kultur talde batzuekin parte hartzeari.

Bi zati izango ditu kontzertuak, eta lehenengoan bandako piezak bakarrik joko dituzte. Aretxabaletan eta Euskal Herrian ezaguna den Demetrio Iriarte konpositorearen Hasierak lanarekin ekingo diote kontzertuari; izan ere, Lopezek dio "garrantzia" ematen diotela "Euskal Herriko konpositore baten lana jartzeari". Horrez gain, Antonin Dvorak-en The New World Symphony, Larry Clark-en Covergence, James Horner-en Music from Braveheart, Harold Arlen-en eta Yip Harburg-en Over the Rainbow, Vangelisen 1492: Conquest of paradise eta Roberto Buckley-en Walking to the sky kantuak interpretatuko dituzte.

Abesbatzakoekin batera egingo duten aurreneko kontzertua izango da, eta, talde bakoitza bere aldetik entseatzen ari bada ere, azkenengo entsegua "ondo" irten zela dio Lopezek. "Bandak eta abesbatzak, nork bere eginkizuna zein den garbi izatea da gakoa, eta horiei nire ikuspuntua gehitzea", esan du Lopezek.

Banda, osasuntsu

Hamar urte baino gehiago daramatza Lopezek bandako zuzendari, eta, urte batzuetan gorabeherak izan badituzte ere, gaur egun "osasuntsu" dago. Izan ere, egon dira bandan musikari gazte gutxi izan dituzten sasoiak, baina gaur egun kopuru ona batu eta banda txikia berreskuratu dute. "Lortu dugu lehenago ez genuen jarraikortasuna. Banda txikikoak oso ondo ibili dira aurten. Kontzertu asko egin dituzte eta Legazpiko musikaldian ere egon dira; gogotsu dabiltza, eta hori da garrantzitsuena", gehitu du zuzendariak.

Beste hainbat emanaldi

Gaurko kontzertuaz gain, Leizarra musika eta dantza eskolakoek beste hainbat emanaldi egingo dituzte ekainean zehar: domekan, 19:00etan hasita, kantuko ikasleek emanaldia egingo dute, Zaraia aretoan. Horrez gain, astelehenetik ostegunera musika emanaldia egingo dute, 18:00etan hasita, Zaraia aretoan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak