Jende askok musikari moduan ezagutzen zaitu. Zuk nola aurkeztuko zenuke Beñat ezagutzen ez duen baten aurrean?
Aretxabaletako gazte bat. Hasieran, agian, lotsati samarra, baina ezagutuz gero jatorra naizela esango nuke. Musikan eta ikus-entzunezkoen inguruko mila saltsatan sartuta dagoen pertsona bat naiz. Hori izango litzateke nire deskribapena.
Nondik datorkizu musikarekiko zaletasuna?
Ez dut gogoratzen nik etxean gitarra edo beste instrumenturen bat jo nahi nuela eskatu nuenik. Nik uste dut aitak apuntatu ninduela. Ostean, gustua hartu nion, lagunekin taldea osatu nuen, mugimendu horretan sartzen hasi nintzen, eta gaur egun nire bizitzako parte garrantzitsu bihurtu da; edo, behintzat, denbora asko kentzen didan zerbait bai; kar-kar.
Eta argazkigintzarekikoa?
Geroago etorri zitzaidan; argazkiekiko zaletasuna batxilergoan hasi zitzaidala esango nuke, zer ikasi pentsatzen hasten zaren garai horretan. Etxeko kamerak probatzen eta erabiltzen aritzen nintzela, hortik jo nahi nuela konturatu nintzen. Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasi nuen, eta, gaur egun, edozein lekutara noala, argazki kamera eramaten dut.
Argazkilaritza, musika, kultur elkarte bateko presidente ere izandakoa... Ez dakienak pentsa dezake ez zarela inoiz geldirik egoten. Egia da?
Bai; egia esan, gauza askotan sartuta nago. Gaur egun, Kuarteleko kide bakarrik naiz. Zoritxarrez edo zorionez, ez dakit ezetz esaten, eta, batzuetan, horren ondorioz, nire agenda nahiko beteta egoten da. Lehen aipatu dudan moduan, mila saltsatan ibiltzen naiz.
Irudika ezazu asteburu oso bat zuretzat, konpromisorik gabe. Nolakoa izango litzateke?
Asteburu oso bat konpromisorik gabe… ez dakit hori posible den; niretzat, behintzat, ez da existitzen. Baina noizbait edukiko banu, ez dakit zer egingo nukeen. Asteburu lasai bat izango litzatekeela suposatzen dut: erlaxatzeko, mendi-buelta bat egiteko, bazkari edo afari on batez gozatzeko eta lagunekin egoteko. Hori izango litzateke nire asteburua, baina, batez ere, lasai hartzeko asteburu bat.
Kulturaren munduan eta herrigintzan ibiltzeak jende mota askorekin topo egiteko aukera ematen du. Zein da ikasi duzun leziorik baliotsuena?
Agian, jendearen lehen inpresioarekin ez geratzea. Benetan norbait ezagutzen duzunean, lehen inpresio hori aldatu egin daiteke, eta denek daukate zerbait erakusteko. Horregatik, ez geratzea lehen begiradarekin.
Ekitaldietan ibiltzeak askotariko egoerak ezagutzeko aukera emango zizun. Zein jarrera edo anekdotak harritu zaitu gehien?
Askotan, izen handiko ekitaldi edo kontzertu batera joaten naizenean, tratua bikaina izaten da. Baina, herri txiki batera edo gaztetxe txiki batera joaten naizenean, oso ezaguna ez den leku batera, aurreikuspenak ez dira berak, eta etxean bezala tratatzen zaituzte. Ez dakit tratu hobea den, baina beste bat gehiago bezala hartzen zaituzte; gauza gutxi dutenek, askotan, dena ematen dizute. Ekitaldi handiagoetan protokolo gehiago egoten dira eta zorrotzago izaten da; horrek ez du esan nahi handiek tratu txarra ematen dutenik.