Aurtengo Atzegi Egunean bizitza independentea aukeratu dute goizeko berbaldirako gai gisa. Atzegiko Ainhoa Cid profesionalak eta bere kabuz bizi den Mari Carmen erabiltzaileak azaldu dute Arkupe kultur etxean ze suposatzen duen modu independentean bizitzeak: "Erabiltzaileek eskura dituzten laguntzak, eguneroko horretan familia bakoitzak izan dezakeen presentzia, edota egoera bakoitza kontuan hartzearen beharrari buruz jardun dute", adierazi du Agurtzane Barrutiak, Atzegiko kideak.
Eman duten datu esanguratsu bat izan da Gipuzkoan 70 pertsona bizi direla euren kabuz. Barrutiak xehatu du asko eta asko familiekin bizi direla, baina gurasoak edadetuz joan ahala, erabakiak hartu beharra egoten dela, eta aukera politak sortzen direla hor: "Adibidez, pisu tutelatu batera bizitzera joatea. Baditugu hainbat Debagoienean, zeintzuetan unean uneko beharrizanak kontuan hartuta antolatzen den egunerokoa. Badaude erabiltzaile batzuk koxka bat harago joan nahi dutenak, bikotearekin bizitzera, esaterako. Euren kabuz bizitzeko aukerak izateak bizitza normalizatu bat egitea ere ahalbidetzen die".
Atzegi 196an inguru sortu zen Gipuzkoan, eta aipatzekoa da gaurko bazkarira lehen hamarkadetatik Atzegiko kide izan diren senitartekoak ere bertaratu direla. Bazkalostean disko-festara dantzan egitera animatu dira, "oso inportantea baita musikaren bitartez gorputza mugitzea", borobildu du Barrutiak.