Artea abian programan egoteak zer esan nahi du zuretzat?
Garrantzitsua da niretzat halako erakusketa bat egitea Donostian. San Telmo museoan erakusketa egiteko nirekin harremanetan jartzeak ilusio handia egin zidan. Hainbat erakusketekin nabil aurten; guztia batera iritsi zait, baina oso pozik nago. Erakusketa azaroan izango da.
Lan handia egin beharko duzu azaroa iritsi aurretik.
200 metro karratuko erakusketa bat izango da, eta eremu hori guztia betetzeko lan handia egin beharra dago aurretik, bai. Eskulturarekin egiten dut lan gehien bat; baita argazkiekin ere. Une honetan, pentsatu behar dut zer material erabiliko dudan erakusketan eta nolakoa aurreikusten dudan. Gaur egun kristalekin eta aluminioarekin dihardut lanean. Jarraitu beharreko bidea aukeratzea izaten da lehenengo egitekoa.
Zer egongo da ikusgai San Telmoko erakusketan?
Nik egindako lanak izango dira, eta garrantzi handia ematen diot materialei horietan. Eskultura erakusketa bat izango da, eta argazkiak ere izango ditu.
Hasi zara erakusketa prestatzen edo beste proiektu batzuk dituzu esku artean?
Une honetan, Bartzelonako Dilalica espazioan dago nire bakarkako erakusketa bat eta Londresgo Calcio espazioan Clara Peredarekin batera egindako beste bat. Lan horiekin ari naiz buru-belarri, eta denbora asko kentzen didate egia esan. Erakusketez gain, artista liburu bat sortzen nabil Eremuak programarekin batera. Japoniako paperarekin eta serigrafiarekin egindako lana da.
Hazten dabiltzan artistei zuzenduta dago Artea abian, baina zuk badaramazu denbora bat honetan.
Madriden ikasi nuen Arte Ederrak gradua eta master bat ere egin nuen. Berlinera joan nitzen gero, eta hor hasi nintzen artista moduan lehenengo urratsak egiten; 2015az ari naiz. Harrezko, erakusketa asko egin ditut Euskal Herrian eta Euskal Herritik kanpo, eta hainbat beka programatan hartu dut parte. Oraingo hau, –San Telmo museokoa– museo baten egingo dudan aurreneko bakarkako erakusketa izango da. Urtarrilean abisatu zidaten, baiezkoa eman nuen, eta orain lan askorekin ari naiz; gustatuko litzaidake denbora gehiago izatea, kar-kar.
Hainbat tokitako artetik edateko aukera izan duzu.
Hala da, bai. Azkenengo urtetan Londresen eta Euskal Herrian egon naiz bueltaka, ta konturatu naiz Londresen, artistek oso estudio txikiak dituztela lurra oso garestia delako. Horrek eragiten du lan egiteko aukerak mugatuak izatea espazioari eta erabil daitezkeen materialei dagokienez. Hemen, berriz, estudioak handiagoak dira, eta ezagutzen ditudan artistek beste era batera egiten dute lan. Toki bakoitzak bere berezitasunak ditu, eta ezberdina da.
Euskal Herria toki ona da artistentzat?
Baietz uste dut. Artista mordoa daude eta mugimendua handia da. Erakundeen partetik laguntza asko daudela esango nuke, gainera, eta oso ona da hori. Madrilgo lagunak ditut, eta batzuetan kexatzen dira ez dituztelako laguntzak jasotzen erakundeen partetik. Askotan esaten didate, Euskal Herrian gu baino hobeto bizi zarete. Uste dut Euskal Herrian artista sare ona dagoela, eta horrek asko laguntzen du lan egiteko orduan. Kanpoan ibili izan naiz beti, baina orain Euskal Herrian egotea nahi dut.