Euspot lehiaketako lan onenak aukeratu eta sariak banatuko dituzte

Julen Murua Mesonero 2026ko ekainaren 4a

Spot onenak 1.000 euroko saria jasoko du; publikoaren gustukoenak, berriz, 500 eurokoa.

Euspot euskarazko spot lehiaketaren sari-banaketa egingo dute ekainaren 10ean, eguaztena, 19:00etan hasita, Arkupe kultura etxean. Guztira 95 spot jaso dituzte antolatzaileek, eta horiek guztiek Zergatik sortu euskarazko edukiak sare sozialetan? gaia jorratu behar izan dute euren lanetan. Spot guztietatik, 18 urtetik gorakoen eta 18 urtetik beherakoen hamarna lan sailkatu dira aurtengo edizioko finalerako. 

Hainbat sari banatuko dituzte ekitaldian: lehiaketako spot onenak 1.000 euroko saria jasoko du, 18 urtetik beherako parte hartzaileen spot onenak 500 eurokoa eta musika sinkronizazio onena duenak, berriz, 300 eurokoa. Gainera, publikoaren spot gustukoenak 500 euroko saria izango du. Erabaki horretan parte hartzeko aukera izan du publikoak, eta erantzuna "inoizko handiena" izan da: 1.800 boto baino gehiago jaso dituzte lau egunen buruan. Ohiko sari horiez gain, Mondragon Unibertsitateko ikasleen spot onenak 500 euroko saria jasoko du eta Arizmendi Ikastetxeko ikasleen spot onenak, 250 eurokoa.

Lehiaketaren antolatzaileek jakinarazi dute ekitaldirako sarrera irekia izango dela eta luntxa, antzerkia eta bestelako sorpresak egongo direla.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak