Guztiontzako mundu bat eta Bizipoza izan dituzte gai, aurten, Loramendi Literatura Lehiaketara aurkeztu beharreko lanek. Euskara elkarteak 30.ez antolatu du, eta 80 inguru jaso ditu guztira; horietatik gehienak, Lehen Hezkuntzakoek egindako bertsoak eta ipuinak. Sariak eguaztenean banatu zituzten, Durana kalean, eta saritutako batzuek bertan irakurri eta abestu zituzten sortutako lanak.

Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailetan jasotako bertsoen artean onena izan zen Irei Agirreurretak sortutako Nire bizipoza, eta ipuinen artean saria jaso zuen Oier Garciak eta Gari Etxabek idatzitako Atxabaltako monstroe lanak. Lehen Hezkuntzako bosgarren eta seigarren mailetan sarituak izan ziren Xabat Lopez de Egilaz eta Elijali Rodriguez, Bizipozaren egunerokoa ipuina idatzi izanagatik, eta bertsoen sailean Inar Isasmendik sortutako Galtzen duen bati buruz lana saritu zuten; Isasmendik hirugarren urtez jaso du saria euskara elkarteak antolatutako lehiaketan.




Antolatzaileek adierazi zuten DBHko ikasleen lan gutxiago jaso dituztela, eta, ondorioz, saritu bakarra egon zen: Ane Villar. Epaimahaiak bereziki nabarmendu zuen hark aurkeztutako Concordia discors izeneko deskribapena.
