Aretxarte Merkatari Elkarteak eta Udalak bonuen lehen kanpaina abiaraziko dute ekainaren 1ean. 09:30etik 19:00etara bitartean egongo da horiek erosteko aukera, Arkupe kultura etxean, eta bonuen salmentaz eta kudeaketaz Aretxarte arduratuko da, kanpainara atxikitu diren eta elkartetik kanpo dauden merkatariekin batera. 16 urtetik gorako herritarrek eros ditzakete bonu-sortak astelehenetik aurrera, eta lehenengo kanpainan erosten dituztenek ekainaren 30era arte izango dute bonuak erabiltzeko aukera. Epe hori igarotakoan, bonua baliorik gabe geldituko da.
Bigarren bonua
Ekainaren 8tik aurrera izango dute herritarrek lehenengo bonu kanpainako bigarren sorta erosteko aukera, baldin eta guztiak saldu ez badira. Lehenengo kanpainan 875 bonu-sorta aterako dituzte, 5 euroko eta 10 euroko bina bonutan eta 20 euroko bonu bakarrean banatuta; guztira, 4.375 izango dira, eta mota bakoitza komertzio-sorta bati lotuta egongo da. Jakinarazi dutenez, bonu-sorta bakoitzeko 20 euro bideratuko ditu Udalak; guztira, 17.500 euro izango dira. Udazkenean bigarren kanpaina egitea aurreikusi dute, eta Udalak diru kopuru berbera jarriko du.