Udaleku irekietan jarduteko begiraleak behar dituzte

Mirari Altube Arrese 2026ko maiatzaren 26a

Neska-mutikoak iaz Markole auzoan ur-jolasetan. (Argazkia: Loratu)

Uztailaren 6tik 24ra bitartean egingo diren udaleku irekietan umeekin jarduteko hezitzaileak behar ditu Loratu ekimenak. Izena emateko epea zabalik dago eta curriculumak ekainaren 2a arte bidal daitezke honako formulategi hau beteta.

Ezinbestean bete beharko dituzte honako hiru baldintza hauek: 18 urte beteak izatea lan-kontratua egiterakoan; erdi mailako heziketa zikloak edo batxilergoa amaituta izatea; eta euskara ahaldundua izatea.

Titulazioari dagokionez puntuak honela banatuko dituzte: aisialdi begirale titulua, 5 puntu; gizarte hezkuntza, psikologia, pedagogia, magisteritza, Tafyd eta IVEF, gizarte eta kultur animazioa, edo gizarte integrazioa 3 puntu (ikasketak amaituta izanez gero) eta 2 puntu (ikasten badihardute); lehen sorospen titulua, puntu bat; eta euskarazko C1 titulua izatea puntu bat.

Lan esperientzia ere hartuko dute kontuan: udaleku irekietan urte bakoitzeko, 3 puntu; udaleku itxietan urte bakoitzeko, 2 puntu; Gabonetako parkean begirale aritu izatea, puntu bat; eta urtean zehar aisialdirako zerbitzuetako langileak (multikirolak, entrenatzaileak, dantza, ludoteka, hizkuntza errefortzuak...) puntu eta erdi. Puntuagarria den guztia egiaztatu egin beharko dute curriculumarekin batera.

Horrez gain adierazi dute aretxabaletarrek lehentasuna edukiko dutela. 

Begiraleentzat formakuntza saio bat antolatu dute. Ekainaren 7an izango da hori eta derrigorrez parte hartu beharko dute hautatuek.
 

Uztailaren 6tik 24ra

Aretxabaletako udaleku irekiak uztailaren 6tik 24ra bitartean egingo dituzte. Begiraleen ordutegia honako hau izango da: astelehen, martitzen, eguazten eta egubakoitzetan 08:30etik 13:15era; eta eguenetan, 08:30etik 17:15era.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak