Teknologiak bizitzaren puntu guztiak ukitzen ditu dagoeneko, eta zaintza-lanak ez dira salbuespena. Horregatik, Aretxabaleta Lanbide Eskolako ikasleak, Smart Collaborative Learning Factory proiektuaren bidez, zaintzaren etorkizuna modu praktikoan irudikatzen eta jorratzen dabiltza.
Premia errealei erantzuna
Zaintzaren alorrean, askotan, xehetasun txikiek egiten dute alde handiena, eta ur baso bat izan daiteke horren adibide. Adineko pertsonengan, mendekotasuna duten erabiltzaileengan edo ospitaleratutako pazienteengan, deshidratazioak ondorio larriak izan ditzake; besteak beste, gernu-infekzioak, nahasmena, erorketak edo larruazaleko lesioak. Horregatik, garaiz eskainitako hidratazio egoki batek pertsonen ongizatean eragin zuzena izan dezake.
Pertsonak zaintzeko bokazioak eta berrikuntza teknologikoak bat egiten dute ALEn
Premia erreal horretatik abiatu da Aretxabaleta Lanbide Eskolako SCLF proiektua, eta ikasleak zaintza-alorrera bideratutako hidratazio robot auto- nomo baten diseinuan eta fabri- kazioan murgildu dira.
Lanbide Heziketaren potentziala
Smart Collaborative Learning Factory kontzeptua Euskadiko Lanbide Heziketaren sarean erabiltzen den eredua da. Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren Lanbide Heziketako Sailburuordetzak bultzatutako Tknika zentroak sustatzen du eredu hori, Industria 4.0 ardatz hartuta. Ikastetxeen eta enpresen arteko lankidetza sustatzen duten ikas-fabrikak dira horiek, Europako hezkuntza-proiektuen barruan kokatzen direnak.
Proiektuaren helburua argia da: ikasleek benetako erronken bidez ikastea, sektore profesionalekin konektatuta eta berrikuntza aplikatua garatuz. Hala ere, ALEko ikasleen kasuan, esku artean duten proiektua robotika kontu bat baino askoz gehiago da; elkarlanaren, berrikuntzaren eta Lanbide Heziketaren benetako potentzialaren adibide bat da.

Hainbat ziklo elkarrekin
Proiektua diziplina askotariko lana da, eta hainbat ziklo elkarrekin dabiltza lanean. Zaintza eta Erizaintza arloko ikasleek erabiltzaileen behar klinikoak aztertzen dituzte: zenbat ur behar den, noiz eskaini behar den edo nola diseinatu hidratazio protokolo pertsonalizatuak.
Automozio arloko ikasleek robotaren bateria sistemak eta muntaia lantzen dituzte. Fabrikazio Mekanikokoek, berriz, egitura fisikoa diseinatu eta fabrikatzen dute. Horrez gain, FOL arloak negozio eredua eta zerbitzuaren bideragarritasuna lantzen ditu, proiektua etorkizuneko aukera profesional eta sozialekin konektatuz.
ETHAZIren adibide
Proiektua ETHAZI metodologiaren barruan kokatzen da; hau da, erronketan oinarritutako ikaskuntza kolaboratiboan. Ikasleek ezagutza teknikoak garatzeaz gain, gero eta garrantzitsuagoak diren gaitasun profesionalak ere lantzen dituzte: talde-lana, komunikazioa, arazoen ebazpena eta pentsamendu kritikoa.
Robotak zaintza-egoitza bateko deshidratazio kasuak %30 murriztea nahi dute
Bide horretan, etorkizunean erronkak pauso berriak izango ditu. 2026-2027ko ikasturtean, Arreta eta Mendekotasuneko eta Fabrikazio Mekanikoko ikasleek diseinu fasearen kontraste saioak egingo dituzte, eta lehen simulazio klinikoak martxan jarri. 2027-2028ko ikasturterako, berriz, helburua izango da robot autonomoak zaintza-egoitza batean deshidratazio kasuak %30 murrizten laguntzea.
Teknologia, pertsonen zerbitzura
Robotika eta automatizazio hitzak gero eta ohikoagoak dira gure egunerokoan. Baina Aretxabaleta Lanbide Eskolan argi dute teknologiak pertsonen zerbitzura egon behar duela. Horregatik, SCLF proiektuan berrikuntza ez da helburu bat bere horretan; zaintza hobetzeko tresna bat da. Aretxabaleta Lanbide Eskolak aspalditik egiten du berrikuntzaren aldeko apustua; betiere, pertsonak zaintzeko bokazioarekin.
Ikasleak etorkizuneko lan-mundura hurbiltzeko modu erreal eta motibatzaile bat ere bada proiektua, enpresek gero eta gehiago baloratzen baitituzte elkarlanean lan egiteko gaitasuna, diziplina anitzeko ikuspegia eta benetako arazoei irtenbide berritzaileak emateko ahalmena.