Egun osoko egitaraua antolatu dute, eta, horren baitan, askotariko ekintzak ari dira egiten: mendi ibilaldia, Murrukixo mendi elkartearen eskutik; frontenis txapelketa, UDAk antolatuta; edota boloetan ikasteko eta jolasteko saioak, Hiru Txirlo bolo elkartearen eskutik.
Zuzeneko erakustaldiak
Ekintzen erdigunea Herriko plaza izan da, ordea. Hainbat elkartek postuak jarri dituzte, egiten duten lana erakusteko, eta, kasu batzuetan, salmentarako. Horien artean izan dira, Loratu, Yaakar, DebaTea eta Hiruatx, esaterako. Eta izan da zuzeneko erakustaldia eskaini duenik ere: dantzan egin dute Jaiki elkartekoek eta Aretxabaletako erraldoi eta kilikien elkartekoek; kantuan, Aretxabaleta Abesbatzako kideek; eta egurrarekin lanean aritu dira Okila taila elkarteko lagunak.
Munduko janariak
Jendearen joan-etorri polita izan da eguerdi partean, eta areagotu egin da beste herrialde batzuetatik etorritakoek prestatutako mokaduak dastatzerako orduan. Izan ere, bizilagun horiek ere batu dira egitasmora, eta asko izan dira horien jaioterrietan –Polonia, Kolonbia, Peru, Pakistan...– ohikoak diren jakiak probatzera animatu direnak.
Osagai horiekin guztiekin, jai giro polita sortu da eguerdi partean.