2023an "kuadrilla giroan" sortutako musika taldea da Aretxabaletako Kaparrak. "Ez ginen futbolean onak, eta gure aisialdiari irtenbide bat topatu guran abiatu genuen. Taldekide batzuk musika eskolan ibilitakoak dira eta beste kide batzuek aurrez beste talde batzuetan jardun izan dute, baina gaur egun kide guztion musika-proiektu bakarra da Kaparrak", azaldu dute taldekideek.
Elkar ondo ezagutzen duten bederatzi lagunek osatzen dute Kaparrak, taularen gainean erakusten duten jarrerarekin ezagun da hori, eta publikoak ere eskertzen du izaera ganberroa eta dibertigarria; horren erakusle da Euskal Herriko musika-mapan dagoeneko bere tokia duela Aretxabaletako taldeak.
Zazpi kantu "ezberdin"
2025ean argitaratu zuten estreinako lana, Urtzi izenekoa, eta, pertsonen izenekin jarraituz, Goreti izena eman diote bigarrenari. Aurrekoa bezala, Aretxabaletako Kuartelean grabatu dute lan berria; oraingoan, Peio Uribetxeberriaren gidaritzapean. "Zazpi abesti jasotzen ditu Goreti-k; euskaraz abestu ditugu batzuk, gazteleraz beste batzuk eta hizkuntza biak nahastuta beste hainbat. Ez diogu mugarik jartzen sorkuntzari, ateratzen zaizkigun moduan sortzen ditugu".
Ez dute gustuko egiten duten musika etiketa bakarrean definitzea, "doinu askoren nahasketa" baita Kaparrak, nahiz eta runba estiloa eta doinu dantzagarriak dituzten oinarri. "Barnean izan ditugun muga horiek apurtzera joan gara bigarren bilduman, eta abesti ezberdinak atera dira, baina gure estiloarekin edo izaerarekin bat egiten dutenak. "Hitzei dagokienez, gure asmoa ez da poesia egitea, zerbait herritarragoa baizik, hitzekin edozein identifikatu ahal izatea da-eta gure gogoa. Bilduma berriaren diseinua, berriz, Idoia Elexpuru aretxabaletarrak egin digu".

Bideoklipak ere bai
Urteko lehen hiru hilabetetan grabatutako kantuak banan-banan argitaratzen joan dira; azkenekoa, orain dela egun batzuk. "Plataforma digital guztietan daude entzungai; Spotifyn ere bai. Oraingoz, ez dugu formatu fisikoan argitaratzeko asmorik; aurrerago, ikusiko dugu, akaso egingo dugu-eta zerbait".
Abesti bakoitzak bere bideoklipa dauka, Urtzi diskoarekin egin zuten moduan. "Taldekideok grabatu eta ekoiztu ditugu gehienak, kolaborazio txiki batzuekin lagunduta, baina, horiez gainera, besteak beste, Beñat Abasolok, Ainara Platak eta Laura Solak ekoiztutakoak ere badaude".
Zuzenekoekin "gustura"
Ez dute bilduma berriaren aurkezpen-kontzertu "ofizialik" egiteko asmorik, baina ari dira dagoeneko jendaurrean kantu berriak abesten. "Aurreko asteburuan, Gasteizko Bat Batean jaialdian izan ginen; oso gustura! Sekulako jendetza batu zen, eta guztiak dena ematen, kantuan eta dantzan".