Arratoien aurkako tratamendua egiteko "garai egokia dela aprobetxatuz, herri osoan errefortzu handiko tratamendu orokorra egitea" erabaki du Aretxabaletako Udalak; arratoien kontrolaren gaineko jarraipena egiten duen enpresa bat du kontratatuta, eta jakinarazi du "modu jarraituan" tratamenduak egiten dituztela "udalerri osoan". "Urtero balorazio-txosten bat egiten dugu, eta, horrez gain, hilero jarraipena egiten diogu gai horri. Azken txostenak dioenez, iaztik gutxitu egin da arratoi kopurua, baina errefortzu baten beharra duen zonaren bat baldin badago, kanpaina abiarazten dugu", adierazi du Udaleko Hirigintza zinegotzi Ion Albizuk. Hori ez ezik, "herritarren kexak edo arratoiak ikusi diren lekuen inguruko abisuak" jasotzen dituztenean, "informazio hori enpresari helarazi eta beharrezkoa denean errefortzuko tratamendu puntualak" egiten dituztela esan dute. Albizuk, halaber, adierazi du euren ardura eta helburu nagusia dela "arratoien koloniak kontrolpean mantentzea"; izan ere, arratoiak ez dira desagertuko, baina kopuruak mantentzea "ezinbestekoa da", haren ustetan.
Erreka inguruak, indartuta
Dagoeneko hasi dira arratoien aurkako tratamenduarekin. Udalak jakinarazi du kanpaina, bereziki, "erreka inguruan" indartu dela, baina, hala ere, "auzo guztietan" egin dituztela esku-hartzeak. "Urbanizazio zaharrek arratoiak izateko joera handiagoa dute. Gainera, Aretxabaleta erreka batek zeharkatuta egoteak ere areagotu egiten du kopurua", adierazi du Albizuk. "Tratamendu intentsibo horretan hainbat produktu eta osagai kimiko erabili dira, eraginkortasun handiagoa lortzeko, eta espero da datozen bi asteetan emaitzak nabarmen ikusten hastea", azpimarratu du Udalak. Halaber, lan horietan diharduen enpresak jakinarazi du halako tratamenduak egiten direnean "ohikoa" izan daitekeela lehenengo hamar egunetan "arratoi batzuk noraezean edo desorientatuta ibiltzea, pozoiaren eraginez". Horregatik, adierazi dute posible dela "datozen egunetan arratoi gehiago ikustea kalean". "Egoera hori tratamendu-prozesuaren parte da eta behin-behinekoa izatea espero da", gehitu dute. Udalak "eskerrak" eman dizkie herritarrei, "egoera ulertzeagatik".