Dantzariek beteko dituzte herriko kaleak datorren astean; izan ere, bihartik datorren asteko domekara bitartean Dantza Astea ospatuko dute. Jaiki elkartearen eskutik dator aurtengoa ere, eta dagoeneko hamar edizio bete ditu. Aurtengoak "aurrekoen ildo bera jarraituko du", ekimenaren antolatzaile lanetan diharduen Maier Etxebarriaren arabera. Hala, Dantza Astearen helburuak jarraituko du izaten "inguruko dantza taldeak kalera ateratzea. Gainera, kanpoko dantza taldeak ere ekarriko ditugu, dantza berriak ezagutzeko helburuarekin". Halaber, Etxebarriak onartu du "orain arteko Dantza Aste osatuena eta beteena" izango dela, "ekitaldi eta talde gonbidatu gehiagorekin". Gainera, jakinarazi du ekitaldi gehienak kalean egitea aurreikusten duten arren, "eguraldi txarra bada" Karmele Igartua aretoan egingo direla.
Asteari hasiera
Jaiki elkartekoekin hasiko da Dantza Astea; izan ere, zapatuan aurrenekoz ospatuko den Elkarte Eguna aitzakia hartuta, aretxabaletarrek dantza garaikideko erakustaldia egingo dute plazan, 13:20ean hasita.
Ikasteko tartea ere bai
Dantza ikuskizunak eta erakustaldiak ez ezik, Jaiki elkartekoek urtero dantza egiten ikasteko aukera eskaintzen diete herritarrei. Aste osorako prestatu duten egitarauan badaude hainbat adin-tarteri eskainitako dantza ikastaroak. Etzi, domeka, 12:30ean hasita, lindy-hop dantza estiloko ikastaroa egingo dute Gasteizko Paso triple eskolakoek, Mojen lorategian. "Aurretik ere egin ditugu ikastaroak eurekin, eta gure inguruan nahiko ezagunak dira. Ikuskizuna egingo dute lehenengo, eta ikasleekin batera dantza egin gero", esan du Etxebarriak. Domekan bertan, 18:00etan hasita, jubilatuen dantzaldia egingo dute, Karmele Igartua aretoan. Ikastaroak bukatzeko, Natalia Garcia dantzariak Mugiarazten gaituena tailerra egingo du, hilaren 30ean, 10:00etan hasita, kirol etxean.
Dantza inklusiboa
Hasiera-hasieratik ibili dira Dantza Astearen antolatzaileek dantza inklusiboko talderen bat gonbidatzeko ideiarekin bueltaka, eta, hainbat ediziotan lortu duten arren, azken urteetan ezin izan dute halako talderik lotu. Aurten, ordea, dantza inklusiboa berriro ere izango da egitarauko protagonista; izan ere, Donostiako Bizikidantza taldeak egingo du erakustaldia, maiatzaren 27an, 18:30ean hasita, Mitarte kalean. "Dantza egitea edozeinentzat da osasungarria, eta gure inguruan eskura dugun zerbait da, gainera. Dantza inklusiboko talde bat ekarrita, hori bera erakutsi gura dugu: dantza edozeinek eta edozein tokitan egin dezakeela", gaineratu du Etxebarriak.