Ritxar Fernandez, Nere Arregi edota Unai Barrena atletak, Iñigo Alzola mendi lasterkaria, Eneritz Urrutia triatleta... Bailara mailako aurpegi ezagun asko batu ditu gaurko Otala-Zelai krosak, eta eurekin batera herri mailako beste atleta asko, goiza estutu batekin hasteko asmoz. Zirkuitu gutxi izango dira Aretxabaletako lasterketa hau baino ederragoak, baina kontuz azken kilometroarekin, Urkuluko urtegiari itzulia eman eta gero Otala zelaira ostera ere igotzea gogorra egiten delako, eta azken 200 metroetan batu diren ikusleak horren testigu izan dira. "Askotan etortzen naiz hona entrenatzera, paradisua delako, baina lehenengoz irabazi dut lasterketa. Gogorra bezain polita da, azken kilometro oso gogorra daukalako. Gu ohituta gaude hemen korrika egitera, onartuta daukagu edertasun hau, baina ez dakigu ondo zer daukagun, ederra da. Aitor [Etxeberria] ezagutzen dut, oso kontrario gogorra da, badakit lasterketa amaieretan oso azkarra dela eta ez nuen gura azken metroetara arte itxaron, lehenago gogortu dut lasterketa eta zorionez lehenengo iritsi naiz", adierazi du Unai Barrenak (0:25:52).
Nere Arregi, emakumezkoetan onena
Emakumezkoetan Nere Arregi izan da azkarrena (0:33:00). "Eneritzekin [Urrutia] batera irten naiz, eta zelan irten garen, zezenak bezela irten da eta haren erritmoari eusten saiatu naiz. Sufritzea tokatu da gaur, kros gogorra da hau, Urkulutik gora baserri arteko bidexka hori hartzen dugunean... Berriro nabil atletismoaz gozatzen, baina neurria hartuta, zoratu gabe. Horrela jarraitzea da asmoa", adierazi du Zigarrolakoak.
Bikote mistoetan, berriz, Idoia Nogales eta Alberto Arberas izan dira azkarrenak. "Debakoa banaiz ere ondo ezagutzen dudan lasterketa da hau, lautan egin dut. Eguraldi aproposa izan dugu lasterketa egiteko. Aldapa behera oso azkar hasten dugun lasterketa da eta gero neurria hartu behar zaio. Baina halako krosak asko gustatzen zaizkit eta ondo ibili gara", adierazi du Nogalesek.
Hemen sailkapen osoa.