Atzo, zapatua, ospatu zuten Artzain Eguna Otala Zelai alboko zelaian. Bertan, artzain txakurren txapelketa egin zuten, eta antolakuntza lanetan ibili den Xabi Gastañagak azaldu duenez, balorazioa positiboa da: "Txapelketa ondo joan zen. Giro polita egon zen, eta ardiak ondo portatu ziren". Hala ere, eguraldiaren beldur izan zirela aitortzen du Gastañagak: "Eguraldiaren beldur ginen, urtero eguraldi txarra egin digulako. Iragarpenak ez ziren onak, baina, hala ere jendea etorri zen txapelketa ikustera".
Sei parte hartzaile izan ziren txapelketan. Horien artean hiru ziren debagooendarrak: Asier Dacosta aretxabaletarra, Zeru txakurrarekin; Javier Gastañaga aretxabaletarra, Cool-ekin; eta Xabier Gastañaga antzuolarra, Sandy-rekin. Debagoieneko parte hartzaileez gain, honako hauek parte hartuko dute Artzain Eguneko txapelketan: Manuel Gorriti, Turbo-rekin; Pello Segurola, Yak-ekin eta Bittor Bengoetxea, Puppy-rekin. 289 puntu eskuratuta, azken honek eraman zuen txapela etxera. Lehia oso parekatua izan zela nabarmendu du Gastañagak: "Lehen hiru postuek hiru punturen aldea izan zuten soilik, eta nahiko parekatuta egon zen dena. Azken unera arte ez genekien nork irabaziko zuen".
Etorkizuna duen ekimena
Bosgarren edizioa izan du aurten txapelketak, eta Gastañagak adierazi duenez, ekimenarekin jarraitzeko asmotan daude antolakuntzako kideak: "Aurrera begira txapelketa antolatzen jarraitzeko asmoa dugu. Otala Zelaiko programaren barruan sartu dute ekimena, eta orduan, printzipioz, antolatzen jarraituko dugu. Jendea pozik gelditzen da txapelketarekin. Egia da giroak baldintzatu egiten gaituela, eta eguraldiaren arabera jende gehiago edo gutxiago hurbiltzen dela, baina, harrera ona izaten du. Aretxabaletako Udala ere pozik dago ekimenarekin"
Sailkapena
1. Bittor Bengoetxea eta Puppy. 289 puntu.
2. Pello Segurola eta Yak. 288 puntu.
3. Javier Gastañaga eta Cool. 287 puntu.
4. Asier Dacosta eta Zeru. 276 puntu.
5. Xabier Gastañaga eta Sandy. 270 puntu.
6. Manuel Gorriti eta Turbo. 257 puntu.