Getariako txakolina jatorri izeneko sei upategitako txakolina dastatzeko aukera izan zen zapatu eguerdian Mitarte kalean, eta Aitareneko ordezkari Aritz Izagirre pozik zen goiza ematen ari zenarekin. "Ondo ibili gara, eguerditik aurrera jendea gerturatzen hasi da eta orain momentuan sekulako giroa dago. Jendeak eskertzen du txakoli freskoa, 2024ko uzta eskaintzen ari gara gure kasuan eta ondo sartzen da, fresko-fresko. Halako ekitaldiak ondo etortzen dira gure produktuak ezagutzera emateko".
Aretxabaletako ekoizleak ere bai
Txakolina bakarrik ez, herriko ekoizleen produktuak dastatzeko eta erosteko aukera ere egongo da; besteak beste, puntako urdeiazpikoa, hanburgesak eta pintxoak jan ahal izango dute bertaratuek. Horrez guztiaz gain, musika eta jai-girorik ere ez da faltako zapatuan; izan ere, Aretxabaletako zein Lazkaoko erraldoien konpartsek eta Imanol Intxausti eta Iñaki Larrea trikitilariek girotuko dute eguna.