Bihar hasiko da pilotako zortzigarren San Fermin txapelketa, eta Aretxabaleta izango du lehen geraleku. 18:00etan hasiko da, Iturrigorri pilotalekuan, eta, osotara, bi partida jokatuko dira. Lehena erakustaldia izango da, eta Irati Betegi pilotari aretxabaletarra izango da bertan, Uxue Lopez de Okarizekin bikotea osatuz. Aurrean Insausti-Galardi bikotea izango dute. Txapelketan, berriz, Arrate Bergara bergararra eta Amaia Aldai Arrizabalaga-Bertiz bikotearen aurka lehiatuko dira.
Txapelketa esanguratsua
Emakumezkoen eskupilota onena leloarekin iragarri du Emakume Master Cupek txapelketa. Alde horretatik, Bergarak pisu handiko txapelketa dela dio: "Ligaxka formatu hartu du, eta txapelketa nahiko luzea da, udako eta binakako txapelketaren ostean luzeena. Beraz, bai, garrantzi handia hartu duen txapelketa da". Finala sanferminetako larunbatean Labriten jokatzeak ere prestigioa ematen diola uste du.
Txapelketaren parte izateak ilusio berezia egiten diola aitortu du bergararrak: "Ilusio berezia egiten dit. Bergaran bizi naizen arren, Nafarroan, Tuteran, jaiotakoa naiz, eta txikitatik bizi izan ditut sanferminak oso gertutik. Hori dela eta, horrelako txapelketa baten egotea izugarria da".
Aurrera egiteko esperantza
Ez da Bergarak txapelketan parte hartuko duen lehen aldia. Promes mailan txapela irabazitakoa da eta elite mailan finalerdietara heldu zen aurreko urtean. Orduan ere Amaia Aldai izan zuen alboan. Bikote polita osatzen dutelakoan dago Bergara: "Binaka jokatzean, oinarrizkoena bikote moduan ondo funtzionatzea da, eta guk lortzen dugula esango nuke. Ea partida honetan ere horrela den".
Txapelketan aurrera egiteko aukerak dituztela uste du bergararrak: "Ondo jokatzen badugu eta maila erakusten baldin badugu, aukerak hor daude. Noski, bikote oso onak daude txapelketan, maila handia da, baina horretarako entrenatzen gara astero". Arrizabalaga-Bertiz bikoteak lehiari eutsiko diolakoan dago: "Olatz Arrizabalagak esperientzia handia du; egungo aurrelari onenetakoa da, onena ez bada. Nahia Bertiz, kontrara, oso gaztea da, baina, hein berean, oso segurua. Bikote zaila da, baina ilusioz egingo diogu aurre, eta ea irabaztea lortzen dugun".
Betegi, etxean
Txapelketatik kanpo izango den arren, partidetako baten izango da Irati Betegi aretxabaletarra. Pozik dago etxean eta maila horretako txapelketa batean erakustaldi bat egiteko aukera izatearekin: "Asko gustatzen zait horrelako partidak jokatzea. Gainera, Aretxabaletan izatea eta herriaren babesa izatea oso berezia da". Etorkizunean txapelketan lehiatzea ere gustatuko litzaioke: "Orain, disfrutatzea tokatzen da, eta, gerora, parte hartzeko aukera baldi badago, gustura jokatuko dut".