Jardunaldia bereziki zuzenduta dago ikastetxeetako zuzendaritza taldeei, irakasleei, normalizazio arduradunei eta kultur transmisioan lanean ari diren eragileei. Topaketaren balio nagusietako bat izango da profil ezberdinetako profesionalak elkartzea, elkarrengandik ikasteko eta sareak indartzeko helburuarekin. "Esperientzia praktikoak partekatzea eta ideiak testuinguru ezberdinetara eramatea funtsezkoa da", nabarmendu dute antolatzaileek. Ekimenaren xedea ordea, ez da soilik hausnarketa partekatua sustatzea, baizik eta "gaur egungo hezkuntza errealitatean aplikagarriak diren tresnak, bideak eta aliantzak identifikatzea eta partekatzea", gaineratu dute.
Jardunaldiko egitaraua
Egitarauak ikuspegi praktikoa izango du ardatz. Lehen hitzaldian, Josune Zabalak hezkuntzarentzat euskal kulturak izan dezakeen "abiapuntu estrategikoa" aztertuko du, zuzendaritzaren eta klaustroen ahalduntzea azpimarratuz. Ondoren, Egoitz Urrutikoetxeak Seaskako esperientzia ekarriko du, "ikasleen hizkuntza gaitasuna indartzeko paradigma aldaketa" azalduz.
Bigarren blokean, Miren Oteizak eta Miren Basurtok Ikasgela kulturaz blaitu esperientzia aurkeztuko dute, eguneroko praktikatik abiatuta. Jarraian, Karmele Perezek eta Letizia Garciak HUHEZI Kulturala proiektua azalduko dute. Azkenik, Eneko Bidegainek, Idurre Alonsok eta Haizea Galarragak Kulturbide tresna aurkeztuko dute. Antolatzaileen esanetan, egitarauak hiru mailatan egiten du ekarpena: "marko estrategikoa eskaintzen du, esperientzia errealak partekatzen ditu eta tresna praktikoak proposatzen ditu".
Jardunaldia Loraldia eta Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak antolatu dute, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesa du.