Iturrigorri pilotalekuan hasi du Aretxabaletak aurtengo Herri Artekoa, eta zaleen aurrean ezin izan dute abantaila hartu. Kadete mailako partidua aise irabazi du Alegiak (0-22) eta beste horrenbeste pasa da gazte mailakoan, baita Aretxabaletaren alde (22-1).
Hortaz, itzulerara abantailarekin joateko puntua senior mailako partiduan erabaki da. Ederto, bikain, hasi dute Zugasti eta Lanzos aretxabaletarrek partidua. Segituan hartu diote neurria lehiari eta Alegiako bikoteari. Euren pilotarekin 12-4 aurreratu dira, norgehiagoka ondo bideratuz.
Pilota aldatu eta berdinketa
Bada, bikote urdinaren bosgarren tantoarekin pilota aldatu dute. Pilota motelagoarekin, atzeko koadroetara bideratu dute partidua; eta askoz sufritu du Lanzosek. Pilota batzuk huts egin ditu eta Alegiak lehia berdintzea lortu du: 12-12. Are gehiago, 12-15 aurreratu da.
Une horretan izan du Aretxabaletak berriro partiduan sartzeko aukera. Pilota aldatu dute, baina ez dira kapaz izan tantorik lortzeko. 13-16tik 14-18ra nahikoa parekatuta egon dira indarrak, eta tanto ederrak ikus ahal izan dira Iturrigorrin.
Baina, une erabakigarrian, Alegiako pilotariak hobeto ibili dira, azken puntua eurek lortuz. Bada, itzulerakoan erabakiko da nor egiten duen aurrera. "Hirugarren puntua irabaziko genuela uste nuen, benetan. Eta partidua ondo hasi dugu, baina, bigarren zatian ez dugu asmatu", esan du bukaera Juan Mari Herrastik.