Ertzaintzak jakitera eman duenez, gertakariak atzo, egubakoitza, gertatu ziren, 16:00ak baino minutu batzuk lehenago, Aretxabaletako Belorrieta auzoan. Patinete elektriko batean zihoan gizon batek zigarro bat bota zuen bidera, Ertzaintza ikusi zuenean. Zigarroak substantzia estupefazienteak izan zitzakeela uste izan zuten ertzainek, euren esanetan, eta patinetearen erabiltzailea geldiarazi zuten. Ertzaintzak gehitu du susmagarriari egindako miaketan, sei gramo kokaina, 175 gramo haxix, 48 gramo marihuana, hemezortzi gramo anfetamina, estasi pastilla bat, LSD azido lisergikoa duen paper zati bat eta bi labana eta artazi batzuk aurkitu zizkiotela. Horiek horrela, droga trafikoko ustezko delitu bategatik atxilotu zuten 49 urteko gizona eta ertzain-etxera eraman zuten epailearen esku utzi arte.