Andramaixetan txosna bakar eta bateratua izateko bidean dira herriko gazteak

Gontzal Belategi Zubia 2026ko apirilaren 30a

Atxabaltako Txosna Batzordearen lehen bilera. (Argazkia: A.T.B.)

Apirilaren 18an izan zen Atxabaltako Txosna Batzorde berriaren lehen bilera. Bigarrena maiatzaren 2an izango da, 17:00etan, Karmele Igartua aretoan.

Azken urteetan bi txosna ezberdin izan dira Aretxabaletako andramaixetan, bakoitza bere ezaugarri, egitarau eta antolatzaile propioekin. Hala ere, aurten, egoera horri buelta eman eta herritarrek txosna bateratu batez gozatzeko aukera izango dute, sortu berria den Atxabaltako Txosna Batzordeari esker.

Bitik batera pasatzeko beharra

Atxabaltako Gazte Mugimendua eta GuGeu Atxabalta izan dira azken bi andramaixetan txosnak jarri dituzten bi eragileak. Ugariak izan ziren egoera hura sortzeko egon ziren baldintzak, baina, bi eragile horietako kideen ustez, gainontzeko esparruetan nork bere bidea egin arren, jaietan egoera hori betikotzeak ez zuen zentzurik. "Azken bi urteetan bi txosna egon dira andramaixetan, eta Aretxabaleta moduko herri baten egoera hori luzatzeak zentzurik ez duela pentsatu dugu biok", azaldu du Uxue Uribeetxeberriak.

Uribeetxeberriak esandakoarekin bat dator Eñaut Beltar de Heredia, eta Atxabaltako Txosna Batzordea, jaietan gutxienez, gazteen elkargune izatera datorrela gaineratu du: "Aretxabaletako gazteen artean gertatzen zebilen zatiketa ikusita, jaietarako guztiak elkartu eta txosna batzorde bakarra sortzea erabaki genuen, jai potenteak antolatu eta denok elkarrekin egoteko aukera izateko".

Bigarrenean bai

Aurtengoa ez da izan txosna batzorde bateratua sortzeko herriko gazteek egindako lehen saiakera. Aurreko urtean ere hartu-emanetan izan ziren Atxabaltako Gazte Mugimendua eta GuGeu Atxabalta, baina ez zuten adostasunik lortu. Uribeetxeberriak azaltzen duenez, denbora kontuek eragin zuten adostasun falta hartan: "Iaz, bi txosnak bateratzeko lehen saiakera bat egin genuen, baina ez genuen lortu. Berandu ibili ginen elkar- tzeko orduan, zezenak harrapatu gintuen, eta proposamena ez zen aurrera joan. Aurten lehenago hasi ginen elkartzen, eta txosna bakarra izateko aukera egiazkoa da, eta horretan gabiltza".

Denbora kontuez gain, jarrera aldetik ere aldaketak izan direla nabarmendu du Beltran de Herediak: "Aurten, negoziaketek luze jotzen dutela ikusita, lehenago hasi ginen batzen. Gainera, aurreko urtean egindako akatsetatik ikasi dugu bi eragileok, eta beste borondate batekin elkartu gara hasieratik, aterabide baten bila. Bagenekien posible zela, ideietako asko ez zirelako horren ezberdinak".

Lehen bileran batutako gazteek ateratako talde-argazkia. (Argazkia: A.T.B.)

Lehen bilera, arrakastatsua

Apirilaren 18an egin zuen lehen bilera Atxabaltako Txosna Batzorde berri eta bateratuak. Beltran de Herediak dioenez, ez zen data aproposena izan, baina harrera ona izan zuen deialdiak: "Eragileon arteko elkarrizketak bide onetik zihoazela ikusita, otsail hasieran jarri genuen lehen bilerarako hitzordua. Gerora jakin genuen Errege Kopako finala izango zela, eta jende asko Sevillara joan zen. Hala ere, espero genuena baino jende gehiago joan zen asanblada hartara, eta lanerako borondatea dagoela ikusita jendea pozik irten zen".

Uribeetxeberriak lehen bilera haren balorazio positiboa egin du: "Oso ondo joan zen. Batzorde berriarekin harremanetan hasteko balio izan zuen bilerak, eta jende mordoa bertaratu zen. Alde horretatik, oso pozik gaude. Zein ideiarekin gentozen aurkezteko balio izan zuen, eta beharrezkoenak diren lehen lantaldeak sortzen hasteko. Lan asko dago egiteko, baina oso pozik irten nintzen".

Maiatzaren 2an, zapatua, izango da batzorde berriaren bigarren bilera. Karmele Igartua aretoan izango da, 17:00etan hasita. Printzipioz, bi asteko maiztasunarekin elkartuko da batzordea, eta, azaldu dutenez, hurrengo bileretan jende gehiago espero dute, lehen bilerara joan ezinean gelditu ziren hainbat gaztek joaten hasteko interesa adierazi dute eta.

Eragileetatik norbanakoetara

Txosna Batzordea bi eragile horien adostasunetik sortu den arren, norbanakoka funtzionatzearen garrantzia azpimarratu dute hasieratik. "Erabaki genuen gauzetako bat Txosna Batzordeko asanbladetan erabakiak norbanakoka hartzea izan zen, helburu nagusia eragiletatik at dagoen jende hori etortzea delako", dio Beltran de Herediak. Bat dator Uribeetxeberria: "Bada jende bat orain arte eragileetara hurbildu ez dena, eta haiei leku bat emateko pentsatu dugu onena norbanako modura ibiltzea dela, Txosna Batzordea elkarrekin eraikitzeko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak