Urkulu urtegiaren inguruan hobekuntzak egiten ibili dira azken hilabeteetan, eta 153.409,85 euroko –BEZa barne– inbertsioa egin dute horretarako. "Erabiltzaileen segurtasuna eta erosotasuna hobetzeko helburuarekin" egin dituzte lanok, Aretxabaletako Udaletik adierazi dutenez. Gaineratu dute urtegiak "balio berezia" duela, "han bizi diren aretxabaletarrez gain, herriko biztanleen eta eskualdeko bisitarien topaleku eta atseden-gune garrantzitsua" delako.
Egindako hobekuntzak
"Ingurunearen mantentze ona eta urtegira doazenentzat irisgarritasuna eta segurtasuna" bermatzeko asmoz, honako hobekuntza hauek egin dituzte Urkulun: Bainuetxetik igotzen den bidegorriko lurra txukundu dute, Urkulu inguratzen zuten zenbait hesi egoera txarrean zeudenez, kendu egin dituzte eta beste batzuk konpondu; hala, bideak zabaldu dira eta segurtasuna handitu da. Piknik mahaiak ere berritu dituzte, eta paseoan dauden banku batzuk txukundu. Bestalde, Azatzako zubia konponduta eta erabilgarri dago jada, hainbat hilabetetako obren atzerapena eta gero.

Hurrengo urratsak
Urtegiko inguruak hobetzeko lanek ez dute etenik, eta hurrengo fasean, Urkuluko bidea garbitzea eta bazterrak txukuntzea izango da egiteko nagusia. Seinaletika ere berrituko da, eta horretarako, lurrean margotuta dauden marka batzuk ezabatu eta seinale berriak jarriko dira, "Urkulu urtegiaren inguruko ibilbide osoan elkarbizitzarako gune egokia" sortzek helburuarekin. Azkenik, Otala Zelaitik behera doan bidea ere aurten konponduko dela eta beste hainbat ekintza egingo dituztela jakinarazi dute Udaletik.