Gazte Eguna ospatuko dute bihar, eta herriko gazteak goizean goizetik irtengo dira kalera egunerako prestatutako egitarauaz gozatzera. Gazte mugimenduko kide Uxue Uribetxebarriak adierazi du espero dutela "gazteak herri mailan batzea eta andramaixetara begira giroa berotzea".
11:00etako bola txapelketa izango da lehenengo hitzordua, eta karro-poteo girotua egingo dute ostean. Herri bazkaria ere egingo dute, Durana kalean, eta, bapo jan ostean, mahai-jolasak egingo dituzte. 19:00etan, herriko kaleetan zehar ibiliko den Watxin Machine DJak emanaldia egingo du; 21:00etan, Bost Axola Potxola eta Izorrai taldeek kontzertua joko dute Ezkutu tabernan, eta, eguna bukatzeko, pintxada tematikoak egongo dira Urbaltz tabernan.
Harrera ona
Orokorrean "harrera ona" izaten du egunak, Uribetxebarriaren arabera, eta aurten ere hala izatea espero du. "Herriko gazteon arteko harremanak sendotzeko egun perfektua dela uste dut. Egun osoko plana da, kuadrillak apurtu egiten dira egun batez, eta guztiok elkarrekin igarotzen dugu eguna. Elegante ibiliko gara", adierazi du. Herri bazkarian "iazko kopuruak" mantentzea espero dute.