Gaur, egubakoitza, 20:00etan hasita, Virginia Imazen clown antzezlana egongo da ikusgai. Antzezlanean, Imazek deabruarekiko tratua, sorginkeriak, sorgin-ehiza eta halako gaiak lantzen ditu, umorea eta samurtasuna erabilita.

Bestalde, bihar, zapatua, 19:00etan hasita, La maja y la mona antzerkia egingo dute. Adiskidetasunari, hipokrisiari, edertasunari eta feminismoari buruzko esplorazio barregarria da, eta, barre eginarazteaz gain, emakumeek gaur egungo gizartean duten eginkizunaz hausnartzera gonbidatzen du antzezlanak. Bi emanaldietarako sarrerak salgai daude Udalaren webgunean, sei eurotan.
Umeendako: antzezlana eta tailerra
Domekan, 17:00etan hasita, haurrei zuzendutako antzezlana egongo da ikusgai Zaraia aretoan: Kimu. Marie de Jongh konpainiak ekoiztutako antzezlana da, eta multinazional batentzat etxeak diseinatzen dituen pertsona baten istorioa kontatzen du.
Bestetik, umeei bideratutako tailer bat ere izango da asteburuan. 4 urtetik gorako haurrei zuzendutako buruhandi tailerra egingo dute bihar, 10:00etatik 12:00etara bitartean, Arkupe kultur etxean –heldu batek lagunduta joan beharko dute–. Beste saio bat ere egingo dute,
maiatzaren 8an. Sortutako buruhandia hartu ahal izango du haur bakoitzak.
Hiru antzezlanetarako sarrerak salgai daude Udalaren webgunean.