Hamabost urte igaro dira Jon Sarasuak eta Mikel Artolak lehenengoz topo egin zutenetik. Elkarrizketa bat izan zen: Sarasuak Ertzeko zatiak liburua argitaratu zuen, eta Artolak egunkari baterako elkarrizketatu zuen. Artola, baina, bi galdera-sortarekin agertu zen Sarasuarengana, bat egunkarirako eta bestea jakin-mina zeukalako, bere idatzietan ematen zirelako gizarte gai ezberdinei buruzko pista batzuk gehiago ez zirenak sakontzen, "hari muturrak geratzen zirelako tira gabe".
Hitzorduak luzerako eman zuen, eta Sarasuak Artolari elkarrizketa luzeago bat egiteko proposatu zion, "Txepetxeikin solasean, biziaren hizkuntzaz liburuaren antza izan zezakeen zerbait egiteko". Elkarrizketa egin, egin zuten baina sekula ez zuten argitaratu, ez zutelako guztiz amaitzea lortzen. Hala ere, 15 urtetan "elkarrizketa etengabean" aritu ondoren, lortu dute liburu-bilduma bat osatzeko behar beste material.
Existentzialismoari eta espiritualismoari erantzuna
Sarasuak aurkezpenean aipatu zuen, apaltasun handiz miatu behar direla jakinduriak, tradizio ezberdinak, eta "biderik egin nahi bada, asko ireki, ikasi eta elikatu behar dela". Hortik abiatuta, Hondoaz galde liburuan existentzialismoari eta espiritualismoari buruzko gai ezberdinak lantzen dira, hamazazpi kapitulotan. Batetik, kontzeptuak definitu dituzte: zer den espiritualitatea egileentzat, zertaz ari diren erlijioak aipatzen dituztenean, zer diren tradizio espiritualak eta bestelakoak. Bestetik, gaur egun munduan erlijiotasunarekin eta espiritualtasunarekin gertatzen ari denaren inguruan jarduten dute, "bost angelu ezberdinetatik". Euskal komunitatea ere mintzagai dute, "euskal komunitatean badagoelako gai honekiko aurreiritzi oldar eta distortsioen geruza lodi xamar bat".
Artolak gaineratu bezala; urteak pasata ere, "bizitzaren zentzuaren galdera denok daukagunez, denontzako pentsatutako liburu bat" dela.
Alderantzizko prozesua
Bi garai ezberdinetan grabatutako elkarrizketak uztartu ditu liburuak. Artolaren papela "ikaslearena" izan da, Sarasuari galderak egiteko lana hartu baitu berak. Eta aitortu duenez, ez da bide erreza izan harentzat, aurrez ez zuelako erreferentziarik. Hala ere, aurkezpenean argi utzi zuen liburua argitaratu ostean badagoela eta badaukala materiala. Horregatik, prozesua "alderantziz datorren zera bat" bezala definitu du.
Debatea eta "gosea sortzea"
Gaia euskal gizartean gutxi tratatua izan dela azpimarratu zuen Sarasuak, horregatik "gehiago sakontzeko gosea sortzea" egileen helburu nagusietako bat izan da.
Aurkezleak aurrerantzean aurkezpenik edo solasaldi-tailerrik emateko asmoa duten galdetutakoan, Sarasuak aurkezpenak egiteko baino, liburuak debaterako bidea zabaltzen duela erantzun zuen.