ALEko lehenengo mailako ikasleek aurreneko urratsak egingo dituzte lan- merkatuan, praktikaldiekin

Gontzal Belategi Zubia 2026ko apirilaren 17a

Ikasle bakoitza bere lanlekuan. (Argazkia: ALE)

Datozen asteetan hasiko dituzte praktikaldiak Lanbide Hezkuntzako lehen mailako ikasleek. askorentzat hori izango da lehen kontaktua lan-merkatuarekin; aukera paregabea, beraz

Praktikaldiak aukera paregabea izaten dira ikasle guztientzat lan-merkatuarekin kontaktu zuzena izateko. Aretxabaleta Lanbide Eskolarentzat ezinbestekoa da ikasleek enpresetan bizi den errealitatea ahal bezain ondoen ikusi eta ezagutzea, eta, horregatik, ikasleak lehen urtetik murgiltzen dira praktikaldietan. Lanbide Heziketako lehen mailako ikasle horiek datozen asteetan hasiko dituzte praktikak enpresetan, helburu argi batekin: beren prestakuntza akademikoan funtsezko urrats bat egitea.

Praktikak, dualerako urrats

Lau urte pasatu dira Aretxaba- leta Lanbide Eskola berrikuntza-proiektu pilotu baten murgildu zenetik. Proiektu horri esker lortu du ikastetxeak erdi-mailako eta goi-mailako zikloetako lehen mailako ikasleek beren praktikak lehen urtean bertan egin ahal izatea. Erabaki hori ez da kasualitatea izan, eta bi helburu argi ditu praktikei zentraltasun hori emateak: alde batetik, ALEko ikasleek lan-munduarekin harreman zuzena ahal bezain azkarren izatea nahi dute, esperientzia praktikoa lehen unetik irabazten joateko; bestalde, eskolan ikasitakoa testuinguru errealetan aplikatzeko gaitasunean sakondu nahi dute.

Lehenengo mailako ikasleek egiten dituzten praktikaldi horiek, gainera, esperientzia hartzeko prozesu baten lehen katebegia dira. ALEk dual aurreratua egiteko aukera eskaintzen du bigarren mailan, eta praktikaldiak dira horretarako lehen urratsa. Dual aurreratu horren bidez, ikasleek jardun bikoitza izan dezakete aldi berean; hau da, ikasketak bukatu bitarte lan egiteko aukera dute. Horri esker, ikasketak egiten dituzten bitartean benetako lan-esperientzia eskuratzeko aukera dute, eta, bide batez, ordainsari bat jaso.

Praktikak bermatzeko esfortzua

Aretxabaleta Lanbide Eskolak gaur egun oso eskaintza zabala du heziketa-zikloetan. Erdi-mailako zikloetan, esaterako, sei aukera eskaintzen dituzte: Erizaintzako zaintza osagarriak, Menpekotasun-egoeran dauden pertsonen arreta, Mekanizazioa, Soldadura eta galdaragintza, Karrozeria eta Ibilgailuen elektromekanika. Goi-mailako zikloetan, berriz, bi aukeraren artean aukeratu daiteke: Automozioa eta Eraikuntza metalikoak.

Aniztasun horrek aukera zabala ematen die ikasleei beren etorkizun profesionala nahi bezala eraikitzen joateko. Hala ere, ikastetxearentzat erronka bat ere bada, ikasle guztientzako praktikak aurkitzea ez da-eta erraza izaten beti.

Aniztasuna ez da praktiketarako enpresak lortzeko egoten den arazo bakarra, adin kontuak ere faktore garrantzitsuak izaten dira alor horretan. Adingabeak diren ikasleak lan-munduan kokatzeko zailtasunak izaten dituzte ikastetxe gehienek, hainbat enpresak bete behar izaten dituzten lan-baldintzak direla eta.

Hala ere, ALEk esfortzu handia egiten du ikasleei praktikaldiak bermatzeko. Horren harira, inguruko enpresek egiten duten ahaleginari eta bertako ikasleekiko erakusten duten konpromisoari balioa ematen die ikastetxeak. Horregatik, eskerrak eman nahi izan dizkiote Aretxabaleta Lanbide Eskolaren inguruan mugitzen diren hainbat enpresa eta erakunderi; besteak beste, GSR, Jose Arana, Debagoieneko Ospitalea, Epele, Fagor Industrial, Debagoieneko Man- komunitatea eta eskualdeko udalak. Azpimarratu dute enpresa eta erakunde horien babesik gabe ezinekoa izango litzatekeela ALEko ikasleei kalitatezko prestakuntza praktikoa eskaintzea.

Praktikaldien espiritua

Aretxabaleta Lanbide Heziketak eskaintzen duen hezkuntza eredurako, oinarrizkoa da praktikaldien bidez enpresen errealitatea ezagutzea. Horregatik, ikastetxeak praktikaldi horien espiritua mantendu nahi du. Argi dute helburua ez dela soilik ikasle guztiek praktikak egitea; ALEren nahia da praktiketan lortzen den esperientzia hori benetan esanguratsua eta aberasgarria izatea. Hori lortzeko, etorkizunean enpresekin elkarlanean jarraitzea funtsezkoa izango dela uste dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak