Liburuaren Nazioarteko Eguna oinarri hartuta hainbat hitzordu antolatu dituzte udal liburutegian. Alde batetik, apirilaren 13tik 30era bitartean bi ekimen abiarazi dituzte: Munduari itzulia 80 liburutan du izena aurrenekoak, eta bertan, haurrek irakurri duten liburuen gomendioa egin eta haurren liburutegian kokatuta dagoen mapan jarri beharko dute non dagoen girotuta liburua; bigarrenak, berriz, Liburu askeak du izena, eta oinarrituko da liburuak trukatzean. Horretarako, herriko hiru txokotan jarriko dira liburu-trukaketak egiteko guneak: Arkupe kultur etxean, Ibarra kiroldegian eta Uretz tabernan.
Bestalde, apirilaren 23an paper artea eta collage teknikak lantzeko tailerra egingo dute Arkupe Kultur Etxeko bigarren solairuan. 17:00etatik 19:00etara izango da, eta 8 eta 11 urte arteko haurrek pop-up estiloko liburu bat egiten ikasiko dute. Dagoeneko zabalik dago izen-ematea; liburutegian egin daiteke, apirilaren 18a baino lehen.
Jon Miranderen erakusketa
Iaz, 100 urte bete ziren Jon Mirande idazlea hil zela, eta, egun hori aintzat hartuta, haren bizitza eta obra nagusiak aztertzen dituen erakusketa bat egongo da ikusgai, hilabetean zehar, Arkupeko erakusketa aretoan. Iruñeko Hizkuntza Eskola Ofizialak sortutako erakusketa da eta euskarazko zein gaztelaniazko hamabi panelez osatuta dago.
Hori ez ezik, eguenean egin zuten literatura solasaldian euskal idazlearen Haur besoetakoa liburuaz jardun zuten Mikel Antza idazlearekin batera, eta, horrez gainera, liburutegian Miranderen inguruko liburuz osatutako interesgune bat jarri dute.